Madrilera «egia kontatzera» joan direla diote presoen senideek
'Mate' auziarekin lotuta, «abokatuen kontrako zerbait» bilatu nahi zutela azaldu dute senideek. Gaurko ere elkarretaratzeak deitu dituzte Ordizian eta BeasainenEspainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu eta gero, etxean dira dagoeneko euskal preso pol...
‘Mate’ auziarekin lotuta, «abokatuen kontrako zerbait» bilatu nahi zutela azaldu dute senideek. Gaurko ere elkarretaratzeak deitu dituzte Ordizian eta Beasainen
Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu eta gero, etxean dira dagoeneko euskal preso politikoen senideak. Guztira, hamalau senidek joan behar izan dute, presoen abokatuen kontrako Mate auziarekin lotuta, lekuko moduan deklaratzera. Horietatik erdiek eman zuten lekukotza atzo, tartean, Lierni Armendariz, Xabier Makazaga eta Ainhoa Barbarin preso goierritarren senideek. Gainontzeko zazpiek gaur deklaratuko dute. Auzi hau eta atzoko saioa, «abokatuen kontra egiteko muntaia» direla salatu dute.Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak deitu ditu hamalau lagun horiek Madrilera. Lehen ere, 127 senidek jaso zuten Donostiako Intxaurrondoko koartelera deklaratzera joateko deia, baina orduan, uko egin zioten. Horietatik 14 berriz deitu dituzte orain, eta Madrilera joan ezean, isuna ordaindu beharko dutela esan diete. Goizeko 10:00etarako zuten hitzordua; senideek banan bana deklaratu zuten epailearen aurrean; ia hiru ordu egin zituzten epaitegian, eta ordubata aldera atera ziren. Bazkalondoan autobusa hartu eta iluntzerako iritsi ziren denak Euskal Herrira.
Deklaratzen lehena, Satur Gonzalez de Langarika, Lierni Armendariz preso beasaindarraren ama izan zen. Nahikoa lasai joan bazen ere, fiskalak «galdera asko» egin zizkiela azaldu du, eta «mareatzen» saiatu zirela, «abokatuen kontrako zerbait» aurkitu nahian. Salara banaka sartu eta deklarazioak aparte hartzearekin ere, hori lortu nahi zutela uste dute, baten eta bestearen deklarazioen artean bat ez zetorren zerbait bilatzea. Gonzalez de Langarikak azaldu duenez, ordea, «denek antzeko erantzunak» eman zituzten, «dagoena» kontatu zutelako. «Gu egia kontatzera joan gara, eta hori da egin duguna». Gainontzean, «tratu zuzena» jaso zutela azaldu du.
Goierriko senideak laguntzera joan zen Egoitz Berasategik ere, «abokatuak eta Etxerat elkartea nahastu eta dena sare berean bildu» nahi zutela adierazi du. Lekukoei egindako galdera gehienak finantziazioaren ingurukoak izan ziren. «Abokatuak ordaintzeko diru hori nondik biltzen den jakin nahi zuten, ea ordaindu ezin dutenei abokatua Etxeratek jartzen zien, eta antzeko galderak egin dizkiete; galdera zuzenik ez, gehienak zeharkakoak, batenbat nahastea bilatu nahian». Senideek, bakoitzak kuota bat jartzen dutela eta dena kontratu legal baten bidez eginda dagoela azaldu zieten.
Epailearen aurretik pasa artean, senideek ez zekiten garbi zer dela eta deitu zituzten deklaratzera. Izan ere, jasotako zitazioan «lekuko gisa deklaratzera joateko» besterik ez zuen zehazten.
Babes keinuak
Deklarazioa hartzera deitutako 14 senideetatik 7 joan ziren atzo Madrilera deklaratzera, eta gainontzekoek gaur dute hitzordua. Horiez gain, ordea, beste dozena bat senide eta lagun joan ziren haiekin.
Madrilen bertan ez ezik, Euskal Herrian ere hainbat babes keinu egin dizkiete senideei. Hala, Etxeratek deituta elkarretaratzea egin zuten atzo Donostiako Lurralde Epaitegiaren aurrean. Babes zabala izan zuen deialdiak, eta besteak beste, EH Bildu, Sortu, Alternatiba, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHE eta Joxemi Zumalabe Fundazioak bat egin zuten deialdiarekin.
Horrez gain, Goierrin ere elkarretaratze bana egin zuten atzo, Urretxun eta Seguran. Gaur ere izango dira bilkurak, Senide izatea ez da delitua lemapean; Ordiziako Plaza Nagusian eta Beasaingo Zubimuzu plazan elkartuko dira, 19:30ean.













