Kubatar doinuak abestuko ditu D'Capricho bikoak gaur Lazkaon
Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpa habanarrek musika kontzertua egingo dute, gaur, Lazkaon. D'Capricho bikoa osatzen dute —lehenago Las Dos D deitua—, eta Kubako abeslaritzaren tradizio osoa barneratzen dute, pianoz eta ahotsez. Kont...
Lehen ere izanak dira Lazkaon. 2013ko biran kantaldia egin zuten, baita Beasainen ere. Gaur, ordea, emaitza berezia erakutsiko dute Lazkaon: Son en sus poemas diskoa, beren ekoizpeneko lehendabizikoa. Eliseo Diego eta Fina Garcia Marruz olerkarien poesiekin osatu dute, irlako adierazgarrienak gaur egun.
Hain zuzen ere, azken aldiko joera idazle kubatar onenen lana ezagutaraztea dute D’Caprichokoek. Batetik, kubatar musikagintza tradizionaletik edan dute, boleroak, trova zaharra eta berria, habanerak, danzona, sona, cancion delakoa edo txa-txa-txa uztartuz.
Baina, bestetik, estilo bereziarekin ari dira lanketa hori guztia garatzen: euren ukitua emanez. «Argi uzten dute Kubako musikak erritmo eta melodia kutsakorrez gain, testu landuagoak ere erabil ditzakeela», diote gaurko kontzertuaren esku-orrian.
Dulce Maria Loinaz tartean
Testuetan sakontasuna, idazle kubatarrengan aurkitu dute: Fina Garcia Marruz, Roberto Fernandez Retamar, Anton Arrufat, Miguel Barnet… eta Dulce Maria Loinaz. Beasaingo jatorriko olerkari kubatarrak tarte bat badu Danieuris eta Daniellis Moyaren interpretazioan. Beasainen plaza bat du Dulce Maria Loinazek.
Euskal Herriarekiko lotura estuagoa ere badute Moyatarrek. 2010ean Pirritx eta Porrotx pailazoen Ongi etorri Pupu eta Lore diskoan bost kantutan parte hartu zuten, euskaraz ere abestuz.
Son en sus poemas diskoan ere euskarak pisu handia du. Izan ere, Leire Bilbao, Miren Agur Meabe, Xabier Lete, Arrate Mardaras edo Joseba Sarrionandiaren testuekin hamar abesti ditu diskoak. Gaur, Lazkaon, zuzenean abestuko ditu D’Caprichok.













