Antsoategi 'herrikoaren' aldeko ekitaldiak egingo dituzte gaur Lazkaon
Auzitegi Gorenak 107 herriko taberna eta elkarte isteko agindua eman ondoren, herriko tabernak defendatzeko mobilizazioak antolatu dituzte herri askotan Libre mugimenduaren baitan. Epaiak Goierriko zortzi herriko taberna eta elkarteri eragiten dio eta ...
Auzitegi Gorenak 107 herriko taberna eta elkarte isteko agindua eman ondoren, herriko tabernak defendatzeko mobilizazioak antolatu dituzte herri askotan Libre mugimenduaren baitan. Epaiak Goierriko zortzi herriko taberna eta elkarteri eragiten dio eta herri horietan guztietan mobilizazio ugari egiten ari dira. Hurrengoak gaur bertan izango dira, Lazkaon.
Lazkaotarrek makina bat ekitaldi antolatu dute arratsalderako eta iluntzerako. Hasteko, 19:00etatik aurrera, haurrek astoan ibiltzeko aukera edukiko dute. Ekitaldi hau plazan egingo dute. Gainera, 19:00etatik aurrera taloak egingo dituzte herriko tabernaren aurrean.
20:00etan, berriz, kontzentrazioa egongo da. Behar ditugulako libre, euskal preso eta iheslariak etxera! izango da lema. Elkarretaratzearen ondoren, parte hartzaileek Antsoategi herriko tabernan sagardoa dastatzeko aukera edukiko dute. Ekitaldiekin bukatzeko, 21:30ean, herriko tabernan bertan kontzertua egongo da.
Beste zazpi lokalak
Lazkaoko Antsoategi herriko tabernaz gain, Estatu espainiarrak Goierriko beste zazpi lokal konfiskatuko ditu: Beasaingo Arrano, Legazpiko Legazpi Eginez, Ordiziako Irriki, Segurako Elorri, Urretxuko Aldiri, Zaldibiako Osinberde eta Zumarragako Amalur.













