Izagirre puntaren puntan, Polonian
Orain bi aste Ordizian garaipenetik gertu ibili ondoren, Poloniako Itzulia irabazi du Ion Izagirre Ormaiztegiko txirrindulariak. Erlojupekoan 25 kilometrotan egindako lanarekin, sailkapenean aurretik zituen guztiei aurre hartuta lortu du garaipena.
Arantza atera du Ion Izagirrek, aurreko bi urteetan bigarren izan baitzen Poloniako Itzulian.”Edozein WorldTour proba irabaztea oso garrantzitsua da. Nire kasuan, gainera, astebeteko proba bat irabazten dudan lehen aldia da. Polonian bi alditan bigarren izan naiz… orain behingoz podiumaren gorenean nago eta pozik sentitzen naiz, oso pozik”, esan du ormaiztegiarrak.
“Azken egunetan sentsazio onak nituen, gogor egin dut lan aurreko probetan. Ordizian garaipenetik oso gertu gelditu nintzen eta hemen egunero egin dut lan aurrean egon eta denborarik ez galtzeko. Lehen egunak gogorrak izan dira: beti lauan, bero askorekin, momentu guztietan adi egon behar… mendian, Zakopanekoaren gisako etapa luzeetan nahiz erlojupekoan asko sufritzea tokatu zait. De Clercqez gogoratzen naiz eta bi segundu horiez. Badakit zer den hemen margen gutxirekin galtzea. Oraingoan alde ona niri tokatu zait”.
“Gustuko ditut astebeteko itzuliak eta aurten, Itzuliko podiumarekin eta garaipen honekin, aldiro hobeto nagoela erakutsi dut eta ondo egin dezakedala. Datorrena? Ez dakit. Momentuz Limousinen izango naiz eta Hamburgo zein Plouayeko klasikoetan; nahiz eta ikusteko dagoen oraindik denboraldi amaiera nola izango den”.














