Jendetsu eta salmenta onekin hasi da iraila Ordiziako azokan
Produktu aukera handia pilatu da Ordiziako asteazkeneroko azokan, uda beteko gaiak eta udazkeneko lehenak elkartzen diren garaia baita. Oporren hondarrean, jendea ere erruz ibili da Plaza Nagusian, giro atsegina baliatuz.
Tenperatura giro ederrean burutu zen atzoko feria Ordizian, askori jasan ezinak gertatu zaizkien beroak eta botatako euriak ahoz aho ibili badira ere, ez dira denen kalterako izan: «Babarrun lekak bultzada polita izan dute», esan du Legorretako Juli Otegik, batetik. Bestetik, «haizeak eta pisuak puskatutako adarretik bildutako errezil sagarrak dira», zioen Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk, ekarri dituen mahaiko ale txikiei begira.
Oraindik haurrak oporretan dira, eta beranduago hasi zen ohiko martxa plazan. Baina gehienak erosteko asmoan joanak ziren, oporretatik bueltan bertan duguna gehiago preziatu bagenu bezala edo. Jende asko atzo Ordiziako plaza gunean, eta gustura saltzaileak.
Udazkeneko fruta ugaltzen
Udazken kutsua sumatzen hasi da, produktuei begiratuz. Garaian garaikoen errepasoa egitea tokatzen da gaurkoan. Uztailaren bukaeratik panorama gaurkotuz, basakanak aipatu behar, 5 euroan kiloa. Jendea patxarana egiteko ohitura galtzen ari dela aipatu du Axun Etxeberriak, eta, ondorioz ez du orain urte batzuetako arrakastarik.
Sagar eta udareak ugaritu dira: red star, erreineten erregina, hiruixkina… Edota manteka, konferentzia, xirimiri motakoak. Zaila da izen zientifiko batekin lotzea, askotan tokian tokiko izenez bataiatzen baititu ekoizle bakoitzak. Pikuak ere salgai dira, 4 euro kiloa.
Tomate motak, deigarri
Barazkitan, hamar mota tomate baino gehiago konta daitezke. Produkzio handiak ez badira ere kapritxoz landatuak dira: piper tomatea, idi bihotza, berdea, Krineako beltza, montserrak, gerezi tomate gorriak eta beltzak, udare tomate txikiak, jack… Gehienak Edurne Baliarraingoaren postuan zeuden. Mota berrien zale izanik, postu dotorea jartzeko adina genero izaten du astero-astero.
Mota askotako piperrak ere bazituzten: morroa, pipermina, luze eztia, txorizero italiarra, gernika… Eta kuia edo kalabaza ezberdinak ere salgai dira, 2-3 euroan: negukoa, tronpeta, potimarron…
Udakoak bete-betean daude, leka, kuiatxo, luzokerra, uraza, oberginia.. Udazken-neguei begira, atxikoria, eskarolak hasita daude, eta luze irauten duten tipula, porru, azenario, errefautxo, zerba, borraja, erremolatxa… Erakargarriak salmahaiak.
Onddo eta gibelurdin kolpea pasatu da. Hemengo gibelurdina eta kanpotik ekarritako zizahoria eta onddoa da aipagai.Duela aste pare bat gibelurdin eta onddo kolpe polita izan bazen ere, gelditu da.
Kanpoko produktuen artean, berriz, piper najerarrak (1,10 euro kiloa) eta pikilloak (1,35) hasi dira. Kontserbak egiteko garaia gerturatzen ari den seinalea dira. Udare tomatea ere bada aukeran.
Datorren astean aparteko giroa izango da Ordizian, urteko sona handieneko feria egingo baita.