Autodefentsa feminista, formakuntza feminista eta maskulinitate tailerrak antolatu ditu Udalak. Lehenengo biak emakumezkoentzat dira, azkena gizonezkoentzat.
Berdintasun Plana osatzeko bilera Beasainen.
Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna helburu hartuta, Beasaingo Udalak Berdintasun ikastaroak antolatu ditu irailerako. Berdintasuna lortzeko bidea ikuspuntu desberdinetatik osatu nahi dute; besteak beste, emakumeen jabekuntza edo ahalduntzea indartuz. Norabide horretan antolatu dituzte ikastaroak.
Hasteko, datozen bi ostiraletan,
autodefentsa feminista tailerra eskainiko dute herritarrentzat, 16:00etatik 20:00etara, udaletxeko batzar aretoan. Dohainik da ikastaroa. Udal langileek ere aukera izango dute ikastaroan parte hartzeko, irailaren 22an eta 23an.
Emagin elkarteko kideek dinamizatuko dute tailerra. Esperientziak eta iritziak partekatuz, «emakumeok indarkeriarekiko ditugun bizipenak konpartitu eta bildu» nahi dira bertan. Emaginekoek diotenez, «emakumeen kontrako indarkeriaz hitz egiterakoan, egunero hainbat eremutan jasaten ditugun erasoez ari gara, sotilagoez, nabarmenagoez, arin edo larriagoz. Emakumeen erailketak edo bortxaketak indarkeria sexista horren adibide ikusgarri eta bortitzenak dira, baina gertaera hauek izozmendiaren punta besterik ez dira». Emagin elkartearen esanetan, «txiki-txikitatik, hezkuntza, guraso nahiz komunikabideetatik beldurra sentitzen erakusten zaigu. Emozio hau transmititzearen helburua, ordea, ikara areagotu eta gure gaitasunen gaineko kontrola paralizatzea da, gure autonomia asko mugatzen delarik. Beldur sozial ezarri honen bitartez kontrolpean mantendu nahi gaituzte, emakumeok gizaki pasiboak bihurtuz eta gure buruarekiko konfiantza galduz».
Egoerari aurre egiteko, «emakumeok ez dugu sasi salbatzailerik behar, gu geu gai gara. Autodefentsa feminista sistemari aurre egiteko jarrera bat da; emakume izateagatik pairatzen dugun zapalkuntza nazkagarriari erantzuteko eta botere harreman hori salatze eta apurtze bidean, emakume bezala geure egiten dugun jarrera aktibo eta iraultzailea», diote Emaginekoek.
Emakumearen jabekuntza
Berdintasun sailaren bigarren formakuntza tailerra ere emakumearen ahalduntzea edo jabekuntza du helburu:
Emakumearen ahalduntzearen bidean, elikadura eta ohitura osasuntsuak. Urriaren 6tik apirilaren 26ra izango da, 17:30etik 19:30era, udaletxeko batzar aretoan eta herriko elkarte batean. Nekane Tomasenak eta Tatiana Arzelusek emango dute ikastaroa. Dohainik da. Irailaren 22ra arte eman daiteke izena Berdintasun sailean: 943 087 669 edo berdintasun @beasain.eus.
Ikastaro horrekin, urriaren 2an Beasaina iritsiko den Emakumeen Mundu Martxaren leloarekin bat egin nahi dute. «Elikadura burujabetza emakumeen osasuna da, familiaren osasuna», dio Eli Manterola Berdintasun teknikariak. Seme-alabei elikadurari eta osasunari buruzko erreferentzia zuzenak eman eta elikadura osasun iturri bezala hartu behar dela aldarrikatu nahi dute. Era berean, edertasunaren estereotipoak hautsi eta emakumezkoen lana omendu nahi da. Elikadurarekin eta osasunarekin lotutako gaiak landuko dira ikastaroan.
Genero eta Berdintasuna, eta Maskulinitate tailerrak
Iazko ikasturteko hariari jarraituz,
Generoa eta Berdintasuna ikastaroarekin jarraituko dute Beasainen. Iaz, lehenengo urratsa egin zen, baina herritar gehiagok interesa azaldu dutenez, aurten ere errepikatzeko aukera egongo da irailetik aurrera, taldea osatuz gero. Hilean behin, ostiraletan, bi ordu eta erdiko saioak egingo dira, 17:00etatik 19:30era. Irailaren 15era arte eman daiteke izena. Bigarren urratsa ere antolatu dute. Maiatzean eta ekainean egingo da, iazko eta aurtengo ikasleekin.
Gizonezkoentzako Maskulinitateen inguruko tailerra antolatu du udalak:
Aitatasun arduratsu eta berdintasunezkoak. Tailerra egin ahal izateko beharrezkoa da gutxienez hamar laguneko taldea osatzea. Izena eman daiteke dagoeneko Berdintasun sailean.