Goierri kirol elkartearen mendi bizikleta proba egingo dute igandean
Goierri kirol elkarteko mendiko bizikleta sailak bere probaren 24. edizioa antolatu du igande honetarako. Bi ibilbide prestatu dituzte: batak 40 kilometroko luzera du eta besteak 24koa. Herritar guztiak parte hartzera
Goierri kirol elkarteko mendiko bizikleta sailak bere probaren 24. edizioa antolatu du igande honetarako. Bi ibilbide prestatu dituzte: batak 40 kilometroko luzera du eta besteak 24koa. Herritar guztiak parte hartzera animatu dituzte, batez ere emakumeak.
Ibilbide luzean aldaketak egin dituzte, parte hartzaileek hala eskatuta. Elosuko behitegiko bidegurutzea kendu dute, arriskua ekiditeko. «Parte hartzaileek ginkana polit bat egingo dute Irimoko magalean. Ibilbide gorabeheratsuak beraien sasoia neurtzeko balioko du. Neberatik Meakara joango dira eta handik Bastarriña ingurura. Han, ibilbide motzeko pate hartzaileekin elkartuko dira eta beraiekin joango dira anoa posturaino. Indarrak berritu ondoren, Irimora igoko dira», azaldu dute antolatzaileek.
40 kilometroko ibilbidea «gogorra» dela diote. Izan ere, txirrindulariek 1.900 metroko desnibela gainditu beharko dute. Ibilbide motzari dagokionez, iazko berbera da. «Ez da luzea bezain teknikoa eta, beraz, goiz polita igarotzeko aukera eskaintzen du». Kasu honetan, txirrindulariek ez dute Irimo magalean ginkanarik egingo.
Errepidean ibiltzen diren txirrindulariei, gazteei eta, batez ere, emakumeei deia luzatu diete. «Urtero emakumeen parte hartzeari garrantzi handia ematen diogu. Geroz eta gehiago dira bizikletan ibiltzen direnak eta gure proban parte hartzea nahi dugu», esan dute antolakuntzak kideek.
Parte hartu nahi dutenek, kirolprobak.com webgunean eman dezakete izena larunbata arte. 18 urtetik gorakoek 15 euro ordaindu behar dute eta 18 urtetik beherakoek 10. Lehenengo 200ek kamiseta bat jasoko dute doan. Egunean bertan ere eman daiteke izena: 08:00etatik aurrera, Areizaga-Kalebarren plazan. Kasu honetan, 18 urtetik gorakoek 18 euro ordaindu behar dute. Txirrindulariak 09:00etan abiatuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik.