Javier Muñoa zeraindarra, Joseba Insausti ordiziarra, Gabiriako Baztarrika eta Idiazabalgo Nieves Mujika
Ordiziako 42. Gazta Lehiaketaren antolatzaileek 12:00ak pasatxo zirela jakinarazi dituzte txapelketara aurkeztu diren 48 gaztetatik finalera sailkatu diren 14en izenak. Tartean, Goierriko lau gaztagile daude: Javier Muñoa zeraindarra, Joseba Insausti ordiziarra, Gabiriako Baztarrika eta Idiazabalgo Mari Nieves Mujika. Ondarreko Felix Goiburu eta Karmele Muruaren gazta –iazko gazta irabazlea– ez da aurten finalerako sailkatu, ezta Legazpin Gipuzkoako txapelketa irabazi duen Elgoibarko Mausitxa ere. Une honetan 14 gazta sailkatuak dastatzen ari dira epamahaiko kideak. Aurten 48 gazta aurkeztu dira –Gipuzkoako 23, Arabako eta Nafarroako 10na eta Bizkaiko 5–, horietatik 22 ketuak eta 26 ketu gabeak. Finalera sailkatu diren 14 gaztetatik 8 dira ketuak.
Gainontzen, giro ona lagun jende ugari dabil Ordiziako kaleetan. Garagartza plazan Pirenaika arrazako ganadu lehiaketa egiten ari da. 47 abelburu aurkeztu dira aurten. Barandiaran plazan, berriz, barazki eta fruitu lehiaketa egiten ari dira, eta Goen plazan euskal oiloena.