Lazkaon Gurutze auzuneko festak ospatuko dituzte asteburuan, lehenengo aldiz
Izenari ohore eginez, Lazkaoko Gurutze auzunean historiako lehendabiziko festak asteburu honetan ospatuko dituzte. Astelehenean da iraileko Santikutz eguna, eta, beste auzo askotan bezala, Lazkaokoan ere bizi pixka bat emateko asmoz prestatu dute estreinako jaialdia. Bihartik igandera izango dira ekitaldiak.
Gurutze auzunea Hirigoien kalearen eta Agauntza errekaren artean dago, Ataun aldera. Etxebizitza askoko dorreak ditu ezaugarri, 10 denera. 1969tik 1974ra eraiki zituzten sei dorre; azkena, 1980ko hamarkadan. Garai hartan ere festatxoa jartzen zuten, San Joan inguruan.
Auzoari «bizi pixka bat» emateko ideiatu dute Gurutze Alive —bizirik, ingelesez— egitaraua. «Maiatz aldera, auzoko kuadrilla batean, esaten genuen Lazkaon ekitaldi gehienak plaza inguruan izaten direla, eta gainontzekoa hilda dagoela», dio Eider Goenaga auzotarrak. Hitzetatik ekintzara pasatu, eta batik bat auzokide baten bultzadaz, lortu dute hiru eguneko festa sortzea.
Festa Batzordea 7-8 lagunek osatu dute. Boluntario talde bat ere bildu dute, ekitaldietan laguntzeko. Taberna bat jarriko dute, 5 eta 6 dorren arteko parkean. Eguerdietan pintxoak eta gauean ogitartekoak emango dituzte, edariaz gain.
Ekimenak Gurutze aldean «harrera ona» izan duela ikusi du Goenagak. «Errifak saldu ditugu, kartelak ipini, auzotarrekin hitz egin… Auzoan jendeak ondo hartu du festak egitearen ideia».
Erreka jaitsiera zapatuan
Agauntza ondoan egonik, ekitaldi bitxietako bat erreka jaitsiera da, larunbat eguerdian. 5. dorre parean elkartuko dira. Zubierreka industrialdetik abiatu, Errotaundi paretik, eta 1. dorreraino joango dira, errekan behera. 16 urtetik gorakoentzat da berez, eta gazteagoek gurasoekin joan behar dute. Oinetako itxiak behar dira. Pintxoak daude gero.
Paella janerako txartelak Iratxo, Gurutze, Oker, Hiru Txoko, Koxko, Itzala eta Hotelean daude salgai. Mus txapelketa, berriz, Gurutze tabernan da. Bikoteko 20 euro ordaindu behar da (16:00ak arte, zapatuan). Lehen saria garaikurra eta sarrera-diruaren %60 da; bigarrena, afaria Amebin eta %30; eta hirugarrena afaria Amebin eta %10.
Adi zirkulazio aldaketei
Lazkaoko Udaltzaingoak hainbat ohar egin ditu, zirkulazioari dagokionez. Gurutze aldean, gidariei azti ibiltzeko eskatu die, kale mozketak eta aldaketak izango direlako. Batetik, krosaren garaian hainbat bide itxiko dituzte. Bestetik, ostiralean, agertokia muntatzeko, aparkalekua libre utzi behar da. Udaltzainen esanei eta seinaleei kasu egiteko eskatu du Udaltzaingoak.
EGITARAUA
Ostirala, irailak 11
19:00. Txupinazoa.
19:30. Buruhandiak, Jundajo txarangarekin poteoa.
22:00. Morgan ta CO2, eta DJ Asociation kontzertua.
Larunbata
Egun guztian. Puzgarriak.
10:30. Haurren lasterketa.
12:00. Erreka jaitsiera.
13:00. Triki-poteoa.
14:30. Paella jana.
15:30. Monoziklo lasterketa.
16:00. Mus txapelketa.
16:00. Haur jolasak.
18:00. Bingoa.
20:00. Elektro-txaranga, poteoa.
22:00. Kontzertua: Jon Barreros eta DJ Asociation.
Igandea
16:00. Toka txapelketa.
17:30. Auzoen arteko sokatira txapelketa.