Zeanuriko Ipiñaburuk irabazi du Ordiziako 42. Gazta Lehiaketa
Larreako (Araba) Patxi Lopez de Uralde sailkatu da bigarren eta Jabier Muñoa zeraindarra hirugarren. Catalana Occidentek 7.600 euro ordaindu ditu enkantean.
Ipiñaburu elkartekoak Catalana Occidente aseguru etxeko ordezkariarekin. / Iñaki Gurrutxaga
Zeanuriko Ipiñaburuk irabazi du Ordiziako 41. Gazta Lehiaketa. Bigarren Larreako (Araba) Patxi Lopez de Uralde sailkatu da, hirugarren Jabier Muñoa zeraindarra, laugarren Joseba Insausti, ordiziarra eta bosgarren Patxi Otaegi, Beizamakoa. Aurten 48 gazta aurkeztu dira, ketuak 22 eta ketugabeak 26. Iaz 52 gazta izan ziren. Jon Etxebarria eta Puy Arrieta senar-emazteek osatzen duten elkarteak 2012an ere irabazi zuen lehiaketa. “Ez daukagu hitzik, oso gustura gaude. Saria familiari eskaintzen diogu, sari hau urte guztiko lanaren emaitza da”, adierazi dute saria jaso berritan.
Hamalau finalisten artean Goierriko lau gaztagile egon dira: Jabier Muñoa zeraindarra, Joseba Insausti ordiziarra, Gabiriako Baztarrika elkartea eta Idiazabalgo Mari Nieves Mujika. Iazko irabazleak, Segurako Ondarreko Felix Goiburu eta Karmele Murua bikotea, ez dira 14 onenen artean sailkatu aurten, ezta Legazpin joan den igandean Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen Elgoibarko Mausitxa ere.
Sari banaketaren ondoren egin dute gazta erdi irabazlearen enkantea. Catalana Occidente aseguru etxeak eraman du 7.600 euro ordainduta. Iaz Ampo Kooperatibak erosu zuen 13.050 euroren truke; inoizko diru kopururik altuena izan zen hura.
SAILKAPENA:
Ipiñaburu (Zeanuri, Bizkaia)
Patxi Lopez de Uralde (Larrea, Araba)
Jabier Muñoa (Zerain)
Joseba Insausti (Ordizia)
Patxi Otaegi (Beizama)
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.