Berezitasunak berezitasun, plazan astero egiten den azokaren aldeko apustua egiten dute inguruko baserritar eta ekoizleek;

Errezilgo Joxe Antonio Aizpuru irasagarrekin / Lierni Elortza
Asteazkeneroko ohikotasunetik atera eta aparteko ikusgarritasunak ematen dio feriari azoka bereziaren zantzua. Baina asteazkeneroko ekoizle, erosle eta saltzaileek argi dute asterokoa dela benetan merezi duena. Hor da 503 urte bete dituen azoka honen iraupen eta erakartasunaren gakoa.
Eguraldia beste behin ere portatu zen. Postuak dotore aurkezteko ahalegina nabarmena izan zen, aipamen berezia jaso zuen laukotez gain (Baliarraingo Maria Jesus Mujika eta Edurne Jauregi, Ibarrako Montes eta Gabiriko Anttoni Murgiondo), Axun Etxeberria Zaldibikoarena deigarri egin zaigu, etxeko baratzaren eta inguruen erakuslehio bihurtua baitzuen astero erabili ohi duen bi metrotako mahaia: piper, leka, tomate, zerba, borraja… eta inguruan bildutako ziza horiak, gaztain adar sorta morkotxez betea…
Babarrun beltzak lekan
Produktu berri ugari ere izan dira: lehen babarrun beltza lekan, Baliarraingo Irabiazpikoen postuan. Kiloa 12 euroan jarri dute salgai, eta baita goiz asko saldu ere; Tolosako Fronton jatetxeko Roberto Ruiz sukaldariak erosi ditu, Bartzelonatik jaso duen eskari bati erantzuteko. Babarrun gorri aletua berriz, Juli Aierbe beasaindarraren postuan ikusi dugu, 10 euroan kiloa (aletuta). Bide batez, gogora ekarri babarrun txuri berria, aletua hau ere, kiloko 8 euroan dela salgai.
Piper aukera ere zabaldu egin dela esan genezake; mota honetakoak baziren lehen ere, baina gorritzen utzi eta ikusgarritasunean eta gozotasunean irabazten dute. Ondo gorritutako piper min eta piper luze eztia ikusi dugu Montesen postuan salgai, kiloa 4 euroan.
Lehen intxaurrak ere iritsi dira, Aramatik ekarriak, kiloko 4 euroan. Baita lehen irasagar fruituak ere; Errezilgoak izan dira aurten (1,5€/Kg.). Ea orain dultzea egitera nor animatzen den… Sagarrarakin egina jadanik salgai da.
Mikologia atalari lotuta, lehen esnegorriak ikusi ditugu Lasaren postuan, gorringo, gibelurdin eta onddoak lagun zituztela.
Bestalde, postu berri bat izango da aste honetatik aurrera asteazkeneko Ordizian, Jon Etxeberria eztigileak Gozatu eztia salgai izango baitu. Datorren astean luze eta zabal honen berri emango dugu.