Bizikidetza eta harremanak, Zeraingo Kultur Astearen ardatz

Bihartik hilaren 25era bitartean izango da. Beste herri batzuen herri kandidaturen esperientziak ezagutzeko hiru hitzaldi egingo dira

Zeraingo herri bazkaria, artxiboko irudian.

Zeraingo herri bazkaria, artxiboko irudian.

Urteroko legez, Zerain kultur astean murgilduko da urriko bigarren hamabostaldian. Bihartik hilaren 25era bitartean hainbat ekintza izango dira: haurrekin txangoa, herri bazkaria, ikusentzunezko bat, haurrentzako marrazki rallya, VI. Patata tortilla lehiaketa eta azken egunean jubilatuen txanda izango da. Meza izango dute lehenik, eta segidan bazkaria Ostatuan, Patxi Etxeberria eta Angel Larrañaga bertsolariek girotuta. Astean zeharreko hitzaldiena da berritasun nabarmenena, iragarritako hirurak beste herri batzuetako herri kandidaturen esperientziak ezagutzeko baliatuko baitituzte. Bizikidetza eta herritarren arteko harremanak lantzeari garrantzia eman nahi diote aurtengoan, Arantxa Ruiz de Larrinaga alkateak adierazi duenez. «Hauteskunde urtea izan da aurtengoa, eta ziklo txiki bat antolatu nahi izan dugu herri kandidaturen gaiaren inguruan, garrantzitsua iruditzen zaigulako beste herri batzuetako esperientziak ezagutzea». Zeraingo herri kandidaturak hautagaitza erretiratu zuen maiatzeko hauteskundeetan, beste hautagaitza bat ere aurkeztu zelako Zeraingo alkatetatzara –EH Bildu–.
ZERAINGO KULTUR ASTEA. EGITARAUA Bihar, hilak 17. Udazken kulturala Irrien Laguneko pertsonaia batekin, Hip Hip Ürri! proiektuarekin bat eginez. Herri museoan da hitzordua, 15:30ean. Etzi, hilak 18. Herri bazkaria frontoian, 14:00etan. Txartelak salgai 5 euroan Ostatu eta Mandio tabernetan, gaur arte. Astelehena, hilak 19. Gabiria eta Mutiloako herri kandidaturen esperientzien kontaketa. Ibon Elgarresta Gabiriako alkate ohia eta Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea. Kultur etxean, 19:00etan. Asteartea, hilak 20. Igeldo eta Leintz-Gatzagako herri kandidaturen esperientzien kontaketa. Kultur etxean, 19:00etan. Asteazkena, hilak 21. Arabako kontzejuen herri kandidaturen esperientzien kontaketa. EHUko Parte Hartuz taldeko kide batek ere parte hartuko du. Kultur etxean, 19:00etan. Osteguna, hilak 22. Erik Asnalen Erroak Komunitatearen lubakitik ikus-entzunezkoa. Kultur etxean, 19:00etan. Ostirala, hilak 23. Haurren marrazki rallya, 16:30ean hasita. Larunbata, hilak 24. VI. Patata tortilla lehiaketa pilotalekuan. Igandea, hilak 25. Jubilatuen Eguna. Meza eta bazkaria.
 
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa