Iñaki Apalategik igandean hasiko du Ormaiztegin txapelketako bidea
Azkeneko Gipuzkoako bertso txapelketan finalista izan zen beasaindarra. Zubipe pilotalekuan izango da saioa, 17:30ean. Finaleko eguna abenduaren 19ra aurreratu duteGipuzkoako bertso txapelketaren laugarren final laurdenetako saioa jokatuko da igandean,...
Azkeneko Gipuzkoako bertso txapelketan finalista izan zen beasaindarra. Zubipe pilotalekuan izango da saioa, 17:30ean. Finaleko eguna abenduaren 19ra aurreratu dute
Gipuzkoako bertso txapelketaren laugarren final laurdenetako saioa jokatuko da igandean, 17:30ean, Zubipe pilotalekuan. Iñaki Apalategi beasaindarrak bertan hasiko du Gipuzkoako bertso txapelketako aurtengo ibilia, duela lau urte finalistak izan zirenak final laurdenetako saioetan hasi baitira lehian.Apalategirekin batera, Ander Lizarralde eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa oiartzuarrak, Felix Zubia zarauztarra, Maider Arregi oñatiarra eta Unai Gaztelumendi añorgarra lehiatuko dira Ormaiztegiko oholtzan. Iker Iriarte alegiarra ariko da gai jartzen.
Txapelketari begira zein sentipen duen galdetuta, bi hitzekin erantzun du Apalategik: «Tentsioa eta irrika». Txapelketan hain berandu hastea abantaila da beasaindarraren ustez: «Ni azaroan hasiko naiz eta beste batzuk apiriletik ari dira. Asko, parte hartzaileen ia bi herena, gainera, dagoeneko txapelketatik kanpo daude». Saioz saio, aurrera egitea du helburu Apalategik. «Momentuz helburua, igandeko saioan aurrera egitea da. Eta aurrera pasatuz gero ere berdin».
Ormaiztegiko saioa irabazten duena zuzenean sailkatuko da finalerdietara. Momentuz, Agin Laburuk eta Beñat Gaztelumendik lortu dute finalerdietarako zuzeneko txartela. Bost saioetako irabazleekin batera, beste hamahiru bertsolarik puntuazioaren arabera izango dute txapelketan aurrera egiteko aukera. Lehia horretan, Apalategiz gain, Nerea Elustondo eta Amaia Iturrioz goierritarrak daude. Hiru finalerdiko saio jokatuko dira, abenduaren 19ko finalistak erabakitzeko. Madrilgo hauteskundeak direla eta, finaleko data egun bat aurreratu dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko, bertsozale.eus webgunean.