Ataunen San Martin festa-eguna dute, baita jubilatuen jaia ere
Jai bikoitza ari dira ospatzen, gaur, Ataunen. Batetik, San Martin auzoko festak gaur hasi dira, igandera arte. Bestetik, Atseden-Toki jubilatu elkarteak ere urteko jaialdia gaur dauka.
Eguerdian hasi da jai giroa Ataunen. Hain justu, Atseden-Toki elkartekoek bota dute hasierako txupina. Eguerdian karpan hamaiketakoa jan ondoren, elkarteak bazkaria Bittor jatetxean egin du. 130 bat lagun inguratu dira. Urteroko ohituran, 80 urte bete dituzten bazkideei oroigarri bana eman diete. Aurten 9 lagun omen dituzte (batek ezin izan du joan, baina iritsaraziko diete oparia).
Festei dagokienez, zaindariaren eguna bukatzeko, arratsaldean Hiru Txilipurditan taldeak akrobazia erakustaldia egingo du, plazan. Aireko eta lurreko ariketak egingo dituzte.