Gehienez urtebete eta hilean 250 euroko laguntzak emango dituzte .Etxe hutsak merkaturatzea lortu nahi dute .Eskaerak egiteko epea zabaldu dute dagoeneko
Ordizian dauden etxebizitza hutsak erabili eta alokairuan jartzea bultzatu nahi du udalak. Horretarako, etxe bila dabiltzanei 250 euro arteko laguntza eskainiko diete, alokairua ordaintzen laguntzeko. Alokairua erraztea eta etxebizitza hutsak merkaturatzea da ordenantza berri honen helburua. Eskaerak egiteko epea abenduaren 31ra artekoa izango da.
Laguntza horiek eskatzeko hainbat baldintza bete behar dituzte. Aurrenekoa soldatari dagokiona da; izan ere, bere urteko diru sarrerek 9.000 eta 25.000 euro artekoak izan behar dute. Eskatzaileak eta alokairuan hartutako etxebizitzan biziko diren guztiek bertan erroldatu beharko dute. Laguntzen onuradunak eta errentatzaileak familia edo ahaidetasun harremanik ez izatea ere zainduko dute.
Urtebete, gehienez
Diru-laguntza hori gehienez ere urtebetekoa izango da. Hileroko kopuruari dagokionean berriz, gehienez alokairuaren %50ekoa izango da, beti ere 250 euroko mugarekin. Laguntza hori, etxebizitzen alokairua ordaintzeko bakarrik emango da, eta ez garaje, komunitate edo administrazio gastuak laguntzeko.
Etxebizitzei dagokionean ere, hainbat baldintza bete beharko dituzte. Babes ofizialeko edo sustapen publikoko etxebizitzetako eskaerek ere ezingo dute jaso, ez eta azpi errentan emandakoek, etxebizitza moduan erabilitako lokalek edota errentan emandako logelek ere.
Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago jada, eta abenduaren 31ra bitartean egin ahal izango dira, udaletxeko arreta bulegoan. Ordenantza osoa
udalaren webguneko Ordenantzak eta Araudiak atalean dago ikusgai.