Xabier Mendigurenek 'Puzkertin' liburua aurkeztu du
Xabier Mendiguren idazle beasaindarrak Puzkertin haurrentzako liburua argitaratu du Elkar argitaletxearen Kuku 55 bildumaren barruan. Eider Eibarrek ilustratu du liburua.
Peru eta Marixe bikote maitemindu bat dira. Peruk, gauetan, puzker galantak botatzen ditu ohean. Marixe, hotzak egoten denez, galtzerdi eta guzti sartzen da ohean, eta ohe barruan kentzen ditu. Gau batean, Peruren puzker bat Marixeren galtzetin baten barruan sartu zen, eta elkartze horretatik izaki harrigarri bat sortu zen: Puzkertin. Umorez eta fantasiaz beteriko abentura kontatu du beasaindarrak.