Goierrik ekainaren 19an erabakiko du
Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea gauzatzeko unea iritsi dela irudikatu du. Eskualdeko 22 herrietan gauzatuko da herri galdeketa. Galdera eta gainerako prozesua zehazten orain hasiko dira«Goierrin pausoa ematera goaz. Unea iritsi da». Bi esaldi ...
Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea gauzatzeko unea iritsi dela irudikatu du. Eskualdeko 22 herrietan gauzatuko da herri galdeketa. Galdera eta gainerako prozesua zehazten orain hasiko dira
«Goierrin pausoa ematera goaz. Unea iritsi da». Bi esaldi horiekin egin zien harrera Goierriko Gure Esku Dago dinamikak larunbatean Lazkaoko Areria antzokia bete zuten ehunka goierritarri. Erabakitzeko eskubidean «hitzetatik ekintzara» igarotzeko unea iritsi da, eta 2016ko ekainaren 19an, igandearekin, herri galdeketa burutuko du Goierriko 22 herrietan.Erabakia «eraiki» behar dela azaldu du Gure Esku Dagok; «ezberdinen artean, elkarlanean». 2014an Durango-Iruñea giza-katea eta aurten hautetsontzien irudikapena egin ondoren, «esku horiek erabaki egin behar dute. Goierriko Gure Esku Dagok erronka bota du: erabakitzera goaz. Unea iritsi da», azaldu zuen larunbatean GED-ko kide Larraitz Zubeldiak.
Galdeketarekin, «herritarren elkargune izatea, herritarren borondateari bide ematea, herritarrak ahalduntzeko tresna izatea eta herritarrak protagonista bihurtzea» lortu nahi dute. Bestetik, baita «Euskal Herrirako eredu bat» sortzea ere, 70.000 biztanleren eremuan galdetuko den lehen aldia izango baita, Etxarriko eta Arrankudiagako herri mailako saioen ostean.
Eguna jarri dute, eta prozesua egoki burutzen dela ziurtatzeko protokoloa ere zehaztuta dago.
«Gauzak ondo egingo dira»
Galdeketa-prozesuaren izaera, nolakotasuna eta protokoloaren beharra GED-ko kide Zelai Nikolasek azaldu zituen. Aurretik, ordea, «herritarrek ezarritako oinarriak» oso garrantzitsuak direla nabarmendu du: «Ematen du herritarrek egindakoak ez duela inolako bermerik. Ez da horrela, eta beste herri batzuetan ere ikusi da prozesuak abiatzeko herri galdeketak, herriz herri, oso garrantzitsuak direla. Gure kasuan, eskualdean egiteko gaitasuna erakutsiko dugu».
Galdeketa «berme osoz» egingo dela ziurtatu du. Protokolo bat osatu dute, berme gisara. Antolatzaileek jarraibideak izateko, parte-hartzaileen lasaitasunerako, emaitzaren zilegitasuna zaintzeko, eta herri kontsulten pedagogia Euskal Herrian zehar zabaltzeko balioko du.
Ekainaren 19an, goierritarrek botoa «modu sekretuan, librean eta informatuan» eman ahal izateko urratsak eta bermeak jasoko ditu protokoloak. Zortzi lantalde eratuko dira, herritarren parte-hartze irekiarekin. Bestetik, herrika sinadurak bilduko dituzte; biztanleriaren arabera gutxieneko batera iritsi beharko da, galdeketa bidera dadin.
Ondoren, arlokako lanketa hasiko da. Tartean, batzorde batek zein galdera egingo den zehaztuko du, herriz herri jasotako proposamenak aztertuta. Aitziber Blanco aholkulariaren laguntza izango dute zeregin horretan.
Prozesua «gardena, irekia eta parte-hartzailea» izango da. «Planteatuko dugun galdera ez da izango pertsona batek inposatu nahi duena; modu parte-hartzailean eraikiko da, eta horrela bermatuko da goierritarren interes nahikoa piztuko duena izango dela», dio Nikolasek.
Lortu nahi dena «emaitza» dela definitu du GED-k. «Gaur abiatu dugun prozesuaren bitartez lortu behar dugu emaitza zilegia izatea, onartua izatea. GED-k bermatuko du emaitza ez dela izango alderdi politiko batek, edo erakunde jakin batek monopolizatu edo bere alde erabili ahalko duen emaitza bat. Baizik gardentasunez eta objektibotasunez kudeatuko dela. Garrantzitsuena da, gauzak ondo egingo ditugula; gure prestasun osoa dago. Ariketa honetan parte hartzeak harrotasunez bilduko gaitu», esan du, prozesuaz.
«Ezinezkoak egia bihurtuz»
Anjel Oiarbidek, bere aldetik, 2007an Idiazabalen hasi, Goierrin Nazioen Mundua izendapenarekin zabaldu, eta Euskal Herrian Gure Esku Dago dinamika bihurtu den mugimenduaren lorpenak gogoratu ditu. «Zenbat ezinezko, egia bihurtu ditugunak», laburbildu zuen Lazkaon.
Zortzi urteko bide horretan, ezinezko hitza «kontuz» erabili beharrekoa dela ikasi dute goierritarrek, Oiarbideren iritziz. Bestetik, «pausoak eman ahala, jarrera bat barneratu» dutela.
Bihotzari kasu egin, eta «etorkizuna irudikatu» behar dela defenditu du, «irudikatutakoan, bide erdia eginda daukazu». 2016ko ekainaren 19koa «egun garrantzitsua eta historikoa» izango dela aurreratu du. Galdeketa irudikatzen hasita, «egun pozgarri, alai, zoriontsu eta inportante sentituko garena» izango da. Prozesuak, berriz, euskal gizartea «handi egin, elkar ezagutu eta adiskidetuko» duela barruntatu du Oiarbidek.













