Baserri munduko emakumeei omena Ordizian
Merkatariek Gabonetarako antolatu duten kanpainaren barruan euskal jantzien pasarela egin zuten aurrena Ordiziako plazan. Horrekin uztartuta, emakume baserritarren omenezko Goizane eskultura ere inauguratu zuten ekitaldi berean.
Iragana orainean euskal jantzien pasarela egin zuten atzo iluntzean Ordiziako plazan. Ekimena Ordiziako Gabonetako kanpainari irekiera emateko baliatu zuten, baita, bide batez, Ordiziako baserri munduko emakumeei omenaldia egiteko ere.
Gabonetan euskal jantzien erabilera sustatzea du helburu, besteak beste atzo iluntzeko ekimenak. Ordiziako hainbat dendatako 50 jantzi ezberdin izan ziren ikusgai plazan egin zuten ibiltoki inprobisatuan. Amets Bide dantza taldeko hamar bat kide aritu ziren modelo lanetan, haurretatik hasi eta helduetaraino. Paseen artean dantzariak, musikariak, bertsolariak eta abesbatzaren emanaldia izan ziren.
Jantzien erakustaldia amaituta Gabonetako argiak piztu zituzten eta D´Elikatuz zentroaren X. urteurrenarekin bat eginez, emakume baserritarrei omena egiteko Goizane eskultura inauguratu zuten plazan bertan. Javier Arrieta Beasainen bizi den artista zegamarrak egin du eskultura, gaztainondoaren egurra erabilita. Asteazkeneroko azokan egoten diren hainbat emakume bildu ziren agertokira eta musikak eta bertsoak lagunduta estalkia kendu zioten eskulturari. Etzi, plazako sarrerako eskaileren ondoan kokatuko dute.













