Haren kirol ibilbideaz, Euskariansekin jokatu dituen partidez eta taldeak bizi duen egoerari buruz hitz egin du jokalari ordiziarrak. Taldeak, eskarmentua lortu ahala, hobera egingo duela adierazi du.

Argazkia: Ainhoa Muriel.
Asier Alvarez de Eulate ordiziarrak bederatzigarren denboraldia du Ampo Ordizian. 28 urte izanagatik ere, taldeko beteranoenen artean dago eta protagonismo handia hartu du azken denboraldietan. Momentu gozoa bizitzen ari dela dio eta eman duen maila onaren ondorioz, Euskarians taldearekin jokatzeko hautatua izan da selekzioaren azken partidetan. Igandean, Espainiako Kopako partida du taldeak.
Zer egoeratan dago taldea?
Taldea egoera berri batean dago. Oso talde gaztea gara eta oraindik hazte prozesuan gaude, baina heldutasuna irabazi ahala, talde honek lorpen handiak izango ditu.
Talde gaztea da eta zu 28 urterekin beteranoen artean zaude.
Bai, orain pare bat edo hiru urte ume mokoa nintzen eta gaur egun taldeko hirugarren zaharrena naiz. Taldearen adina oso baxua da, 21 edo 22 urtekoa bataz beste. Gaurko jokalari gehienek harmailetatik bizi izan zituzten Ordiziak irabazi zituen bi Errege Kopak eta orain bat-batean tokatu zaie partidak hasieratik jokatzea. Esperientzia falta dago, baina horri buelta emateko bide bakarra minutuak pilatzen joatea da. Gazteek kalitatea dutela erakutsi dute, eta taldeak konfiantza eta esperientzia hartzen dituenean, gauza handiak lortuko ditu.
Gaztetasun horrek ere izaera berezia ematen al dio taldeari?
Bai. Talde urduria da, talde ezegonkorra. Ez daukagu garai batean izan genezakeen lasaitasun hori, baina aldi berean, badugu errebelde puntu bat ere.
Denboraldi hasieran jokalari berriak etorri ziren taldera. Nola egokitu dira horiek?
Aurtengo udan bost jokalari berri etorri ziren eta horietatik hiruk ez dute maila nahikoa eman. Beraz, hiru horien ordez, beste jokalari bat ari da gurekin jokatzen dagoeneko Josh Daley australiarra, urrian iritsi zen eta beste jokalari bat ere iritsi berria da Ien Ascroft-Leigh.
Egia esateko, oso kontentu gaude, hiru jokalari joan eta bakarra ekarri arren, maila ez delako jaitsi. Etxeko jendeak erantzun oso ona eman du. Hori oso positiboa da.
Aurten entrenatzaile berria du taldeak. Wade Kellyrekin zeharo aldatu da jokatzeko modua. Zein dira jokamolde horren ezaugarri nagusienak?
Ezaugarri nagusiena da aurkariak zuloren bat uzten duenean, gure jokalarien kalitatea baliatuz eraso mingarriak antolatzea. Horretarako garrantzitsuena da baloia gehiago babestea eta jabetza luzeagoekin zulo argiagoak bilatzea. Oraindik ez dugu lortu baloi jabetza luzeak mantentzea, eta ez dugu lortu eraso mingarri horiek nahi bezala antolatzea. Orain joko sistemaren beste aldaera batzuk ari gara lantzen eta ea pixkanaka nahi duguna lortzen hasten garen.
Ligan orain arte izan dituzuen emaitzak kontuan hartuta, eta hurrengo partidei erreparatuta, zein izan behar da taldearen jarrera urtearen hasieran?
Etxeko partidak irabazi behar ditugu. Taldean hitz egin dugu etxeko partidetan garaipenak erreskadan ekarri behar ditugula. Datuei begiratuta, gu gara kanpoan partida gehien irabazi dituen bigarren taldea eta etxeko partidetan berriz, azkenputz. Hori konpontzea da kontua. Kanpoko partidetan emaitza onak mantendu behar ditugu, eta etxeko partidak bai ala bai irabazi.
Igandean Errege Kopari ekingo diozue. Nola ikusten duzu Alcobendasen kontrako kanporaketa?
Ondo ikusten dut. Alcobendas sailkapenaren goialdean dago baina irabazi egin genien haien etxean. Egia esan, sailkatzea gauza eskuragarria da. Ezin gara harrotu. Hala ere, etxean jokatuko dugu eta horrek ere laguntzen du. Berria jaso genuenean, ilusioz eta gogoz hartu genuen. Azkenean, Kopak oso momentu politak ekarri dizkigu eta ea aurten ere zerbait polita lor dezakegun.
Zelaian erakutsi duzun jokoak momentu onak ekarri dizkizu Ordiziatik kanpo ere. Partida batzuk jokatu dituzu Euskarians taldearekin. Partida bereziak izango dira, ezta?
Partida bereziak dira, kalitate handiko jendearekin elkartzen zarelako. Iparraldeko eta Hegoaldeko jokalariak elkartzen gara. Iparraldekoak, Frantziako ligako hirugarren mailako jokalariak dira, maila altukoak eta asko dakitenak. Partida oso politak dira jokatzeko eta giro berezia sortzen da.
Udazken honetan bi partida jokatu dituzu Euskariansekin, Uruguai eta Txileko selekzioen aurka, eta taldeak maila ona erakutsi zuen.
Bai, bi selekzio ahaltsuren aurka neurtu genituen indarrak. Uruguaik Munduko Txapelketa jokatu du aurten, eta Txileren proiektua lau urte barru mundialean egotea da. Bi selekzioen aurka eman genuen maila ona zen. Txileri egurra eman genion, eta Uruguairi irabazteko gertu ibili ginen baita ere.
Beraz, oso esperientzia positiboa izan da eta horrelako partidek ilusioa pizten dute. Ez daukagu selekzio egituratu bat, baina hala ere, Uruguairi aurre egin genion Munduko Txapelketa jokatzeko prestatzen ari zenean. Horrek zer pentsatua ematen du, hemen ere badugula kalitate pixka bat.
Estatuko ligako taldeen herena euskaldunak dira. Hemengo errugbiaren mailaren adierazgarri iruditzen zaizu?
Nire ustez hori bada esanguratsua. Hamabitik lau talde dira euskaldunak eta maila txukun samarra ematen ari garela esango nuke. Beti egon dira gora beherak, baina badaramatzagu hiruzpalau urte lau talderekin Ohorezko Mailan.
Hernaniren kasuan, jokalari guztiak edo gehienak etxekoak dira, guk ere gehienak hala dauzkagu, eta Gernikan eta Getxon etxeko jokalariak pisu handiagoa hartzen ari dira. Taldeak ematen ari diren maila ikusita, esan daiteke osasuntsu gaudela.
Lehen taldearen lorpenetatik harago, maila baxuagotan, gaztetxoen artean, errugbia Ordizian errotuta dagoela esango zenuke?
Nik uste dut egitura sendo bat dugula. Horrek ere buruko minak ekartzen dizkio zuzendaritzari. Jokalari asko edukitzeak, entrenatzaile asko izatera behartzen zaitu eta baliabideak bilatu behar dituzu hori guztia aurrera ateratzeko. Zorionez, horrelako buruko minak kirol taldeetan oso ondo hartzen dira eta etor daitezela horrelakoak gehiago. Aurretik kontrako arazoak izan genituen eta horiek askoz ere okerragoak izaten dira.