Astoaren jaiak ahituko ditu festak
Lazkaon Astotxo Eguna ospatuko dute igandean. Enkarterri arraza autoktonoaren lehiaketa egingo dute goizean zehar, eta 'Egiptorako ihesa' kale antzerkian 150 lazkaotar aterako dira.Lazkaon 1642tik ohoratzen dute astoa. Bibliako pasartean oinarrituta, J...
Lazkaon Astotxo Eguna ospatuko dute igandean. Enkarterri arraza autoktonoaren lehiaketa egingo dute goizean zehar, eta ‘Egiptorako ihesa’ kale antzerkian 150 lazkaotar aterako dira.
Lazkaon 1642tik ohoratzen dute astoa. Bibliako pasartean oinarrituta, Jesusen familia erbesteratzean printzipioz figura xumeena zena hartu zuten izar. Eta gaur arte. Zistertarren komentuan irudikatuko dute festaren sorreraren eszena, eskulturen jaiotzarekin.Igandean ospatuko dute Lazkaon Astotxo Eguna, Errege ondorengo lehenengo jaia izaki. Azkeneko ia bi hamarkadatan gorpuztu den egitarau eta osagai berberak izango ditu: Enkarterri arrazako astoen Gipuzkoako XVII. lehiaketa eta erakusketa, kalifikazio ofiziala, eta bukatzeko Egiptorako ihesa kale antzezpena. Guztia ikusten eta gozatzen, jendetza biltzea espero da.
Asto lehiaketan 100 bat buru izango dira. 09:00etarako plazan kokatuko dituzte, eta 09:30ean diana-kalejira joko dute, txistulariekin. Itzulitakoan, 10:30a aldera, kalifikazioa hasiko da. Aditu eta albaitari talde batek Enkarterri arraza autoktonoaren ziurtagiria jaso nahi duten astoak behatuko dituzte.
Kumeak izan ohi dira, eta gutxienez 2,5 urte bete dituzten asto emeek eta hiruko arrek galdegin dezakete ziurtagiria. Arrazaren baldintzak eta ezaugarriak betetzen dituzten ala ez baloratuko du epaimahaiak.
Zintzarria eta dirua saritan
Onarpena egunean berean lortu duten astoek eta lehendik badaukatenek Gipuzkoako XVII. Lehiaketa jokatuko dute. Ar eta eme finalistak aukeratu, hiruzpalau bakoitzetik, eta ikusleen aurrean paseotxoa egingo dute horiek, txapeldunak aukeratzeko. Asto eme eta ar onenei zintzarri bana jarriko diete, eta nagusiei 300na euro emango diete.
Iaz hasitako bidetik, astoak jantziko dituzte. Garai bateko lanbideetan erabiltzen zituzten tresnak inguratuko dituzte, eta sei-bat asto prestatuko dituzte, Antsoategi elkarteko Egoitz Bergarak aurreratu duenez.
Astotxo txikia eta ihesa
Plazan lehiaketarena burututa, ikuskizuna Lazkao Txiki Zelaira aldatuko da, 13:00ak aurretxoan. Egiptorako ihesa kale antzezpena garatuko dute han 150 bat lazkaotarrek. Aurretik, 12:45ean, Astotxo Txikia haurren desfilea egingo dute, Beneditar komentu paretik. «Azken urteetan itxuran atera izan da, umeak ere gustura ibiltzen dira, eta beraiek eskatzen dute jarraitzeko», dio ekimeneko kide Asier Sukiak.
Antzerkia 13:00etan hasiko da. Ohiko egitura eta gidoia izango du, beti sartzen dituzten aldaketatxoekin. Jantziteriaren zati bat ere berritu dute. Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesa, Herodesen dekretua eta ume harrapaketa antzeztuko dituzte.
150 aktoreez gain, ikuskizuna muntatzen, animaliak uzten, laguntzen jende gehiagok ere laguntzen duela dio du Sukiak.
Antzerkiaren iraupen «jasangarria» lortzea dute orain helburu. «Urtez urte, honi eustea da erronka. Hainbeste jenderekin mantentzeak lan dezente suposatzen digu. Orain oreka bilatzen ari gara, irauteko», dio Sukiak.













