Udal aurrekontuak zehazteko prozesua hasiko dute astelehenean
Ordiziako Udalak herritarren parte-hartzea eskatu du inbertsioak non eta nola gastatu erabakitzen laguntzeko. Datorren bi asteetan eman ahalko dituzte ekarpenak
Ordiziako Udalak 2016. urteko aurrekontuak zehazteko eta prestatzeko partaidetza prozesua jarriko du abian datorren astean. Astelehenean hasi, eta bi aste iraungo ditu prozesu horrek. Bertan, Ordiziako herritarrek galdeketa bidez beren iritzia eman ahalko dute. Udalak herritarren parte-hartzea eskatu du inbertsioei dagokion zatia non eta nola gastatu erabakitzen laguntzeko. Horrela, nahi duenak dirua non gastatu beharko litzatekeen esan ahalko du.
Atzo eman zituzten ezagutzera prozesu honen nondik norakoak. Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkatea eta Joxi Iturrioz eta Iñaki Dubreuil zinegotziek parte hartu zuten aurkezpenean. «Aktiboki parte hartzeko apustu zintzoa da, herritar guztiei zuzendua, ordiziarren iritzia ezagutzea funtsezkoa delako», azaldu zuten. Horregatik, ordiziar guztiei luzatu zieten gonbita prozesu honetan parte hartzeko, eta bakoitzak bere iritziak ezagutzera emateko.
Partaidetza bideak
Herritarren ekarpenak eta iradokizunak udal arduradunei jakinarazteko honako bideak izango dituzte: gaurtik aurrera etxeetako postontzietan banatuko dituzten eta kaleko karpan egongo diren paperezko galdetegien bidez, eta ordizia.eus/aurrekontu-galdeketa udaleko webgunean jarrita dagoen galdetegian. Paperean egindako ekarpenak eta iradokizunak entregatzeko hainbat puntu daudela azaldu dute, eta honakoak dira: kalean jarriko den karpan bertan, Udal arreta bulegoan, udaltzaingoan edo Majori kiroldegian. Galdetegia laburra, irekia eta betetzeko erraza dela jakinarazi du Ordiziako Udalak. Bost galderaz osatutako dokumentua da ordiziarrek erantzun beharko dutena.
Bi astean izango dute herritarrek beren iritzia ezagutzera emateko aukera. Paperean betetako galdetegia hilaren 26a baino lehen entregatu beharko da esandako tokietan, eta webgunearen bidez egiten dutenek bi egun gehiago izango dituzte, hau da, hilaren 28ra arte.
Aurrekontuak, martxoan
Galdetegirako paperek galderak jasotzeaz gain, iazko gastu nagusien eta 2016rako aurreikusitako diru-sarreren jatorriaren laburpena ere badute. Gainera, Santamariak azaldu du hainbat gai kontuan hartu nahi dituztela, esaterako, auzo gehienak hobetzeko obrak egitea. Bestalde, udalak konpromisoa hartu du herritarrek helarazitako ideia guztiei erantzuteko.
Aurrekontuei dagokienez, «martxoko osoko bilkuran aurrekontuak onartzea espero dugu», azaldu du Santamariak. Aurrekontuetarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 400.000 euro gehiago emango duela ere adierazi du alkateak.
INFORMAZIO KARPA:
- Astelehena, 15. Altamira auzoan (10:30-13:30 eta 16:30-19:30).
- Asteartea, 16. Otegi-enea eta Majori auzoak (10:30-13:30 eta 16:30-19:30).
- Asteazkena, 17. Barretxe (10:30-13:30) eta San Joan (16:30-19:30).
- Osteguna, 18. Buztuntza plaza (10:30-13:30 eta 16:30-19:30).
- Ostirala, 19. San Jose (10:30-13:30) eta udaletxeko arkupea (16:30-19:30).













