Amuarrainak bota nahi errekara, eta ezin
Zaldibian, Amundarain errekako arrantza lekuetan amuarrainen populazioa berreskuratzeko prestasuna eta lanerako borondatea agertu arren, erakundeen muzina salatu dute herriko arrantzaleek.
Gauza jakina da Goierriko erreketan bertako amuarraina desagertu zela. Bai behintzat naturalki sortu eta hazten direnak. Gizakiak bota behar izaten ditu kumeak, haztegietan arrautzak ernaldu ondoren. Bestela, ez da ale askorik izaten uretan.
Bada, gizakiaren parte-hartze hori ere mugatzearekin haserre azaldu dira Zaldibian. Arrantza munduan urte askoko esperientzia duen arrantzale batek aspalditik duten aldarrikapena mahai gaineratu du, berriz: Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Arrantza Federazioak utz diezaietela herrietako arrantza elkarteei amuarrain kumeak atera eta erreketan botatzen.
Zaldibiako Amundarain erreka amuarrain kopuruagatik eta kalitateagatik «beti» ezaguna izan dela gogorarazi du arrantzaleak —nahiago du izenik ez eman—. Amuarrainak gutxitzeak, arrantzaleen artean eta batik bat gazteen artean asko makaldu du zaletasuna. «Egoera honekin 10-15 urte badaramatzagu». Nahiz eta Amundarainen arrainen mesederako azpiegituretan hobekuntzak egin diren (Zubiondo, Leizea eta Egiluz presetan igotzeko mailak, Unanibieta presan uhaitzak), arrantzaren egoera ez da bizkortu.
Amuarrainak haztea
Zaldibiar arrantzaleak zenbait neurri hartu beharrekotzat jo ditu. Gipuzkoako Arrantza Federazioari bidali diote eskaria, baita laguntzeko borondatearen berri eman ere. Baina ez dute erantzun positiborik jaso.
Neurri bat, amuarrainkumeak askatzea da. «Uste dugu oso beharrezkoa dela errekako amuarrain populazioari hazten laguntzeko». Horretarako, modu bat Urtsuerrekako eta Amundaraineko debekatutako lekuetatik amuarrainak atera, eta beste zatietan zabaltzea izan litekeela diote. «Era horretara ez genuke populaziorik aldatuko, erregulatu baizik».
Bestetik, herriko arrantza elkartean daukaten arrain-haztegia erabiltzeko proposatu dute: Amundaraineko amuarrainak atera, haztegian arrautzak kendu, eta bertan kumeak atera ondoren, atzera errekara itzuli. «Horrela, bertako populazioa indartzen lagunduko genuke».
Arrautzak kanpotik ekarri eta elkartean kumatzeko borondatea ere agertu dute, edo zuzenean errekan bota, beren kaxetan.
Jarraipena, beharrezkoa
Amuarrainkumeak atera eta uretan askatzeaz gain, ondoren ere kopurua mantentzeko jarraipena behar dela gaineratu du zaldibiarrak. «Gauzak ondo eginez gero, ziur gaude emaitza onak lortuko ditugula».
Uraren kalitatea eta ur emaria ere kontrolatu beharrekoak dira. Baita hegazti harrapariak ere, koartzak edo ubarroiak kasu. Erreka bazterrak garbitzea ere gutxieneko eginbeharra da.
Amuarrain populazioa berreskuratzeko prestasuna eta lanerako borondatea eskaini arren, Federazioak behin eta berriz muzin egiten diela kritikatu du zaldibiarrak. Bien bitartean, Zaldibian horren ospetsu izan den arrantza galtzen ari dela ohartarazi du, eta herriko erreketan —Ura agentziaren oraintsuko azterketa baten arabera, egoera ekologiko onean daude—, amuarrainak desagertzen.













