Erraizabal baserrian dena prest dute Artzaitxo Egunetarako
Asteburuan Artzaitxo Egunak hasiko dituzte Erraizabalen. Artzainen bizimodua ezagutzeaz gain, arkumeekin jolasteko eta biberoia emateko aukera dute haurrek. Erreserbatuta dituzte ia leku guztiak.
Legazpiko Erraizabal baserrian duela hemeretzi urte jarri zuten Artzantzaren Ekomuseoa. Artzainen bizimodua ezagutzeko aukera eskaintzen diete bertan, haurrei zein helduei. 2014az geroztik, berriz, eskaintza berri bat ere badute Arantza Segurolak eta Juan Jose Arangurenek: Artzaitxo Egunak. Asteburu honetan hasi, eta datozen zazpi asteburuetan egingo dituzte. Izugarrizko arrakasta dute Artzaitxo Egunek: hasi ere ez dira egin, eta dagoeneko erreserbatuta daude egunik gehienak.
Haur txikiak dituzten familiei zuzenduta daude Artzaitxo Egunak. Lehenengo, museoa ikusten dute. «Arkumeak nola jaiotzen diren, artilearen prozesua eta beste hainbat kontu azaltzen dizkiegu han», azaldu du Segurolak. Gero, pintxo bat jaten dute baserriko terrazan, helduek sagardoarekin, eta haurrek urarekin. Eta, amaitzeko, ukuilura joaten dira.
Ukuiluko zatia da haurrei gehien gustatzen zaiena. Aranguren eta Paula alaba izaten dira bertan. Arkume jaio berriekin jolasten uzten diete bisitariei, eta biberoia ere ematen diete. Batzuetan, arkumeren bat jaiotzen ikusteko aukera ere izaten dute. «Horrek nazka pixka bat ematen die batzuei, baina hala ere ikusi egin nahi izaten dute».
Arkume artean haurrek ikaragarri disfrutatzen dutela azaldu dute senar emazteek. Eta haurrak pozik ikusita, gurasoek ere bai. «Euskal Herrian baserria hain gertu izanik ere, askok ez dute aukerarik izaten animaliekin bertatik bertara egoteko», esan du Segurolak.
«Euskal Herrian baserria gertu izanik ere, haur askok ez dute harreman zuzenik animaliekin» «Arkumeak nola jaiotzen diren, artilearen prozesua eta beste hainbat kontu azaltzen dizkiegu han» Arantza Segurola (Artzaina)Ordubete inguruko bisitak izaten dira, 50-55 laguneko taldeetan. Asteburu bakoitzean, berriz, lau bisita izaten dituzte: bi larunbatetan eta bi igandeetan. Oraindik leku batzuk geratzen dira, eta izena emateko Lenburrera deitu behar da: 943 73 04 28. 90 arkume jaio dira astean Ardi latxa mutur beltzak dituzte Erraizabalen, 120 inguru. Eta egun hauetan arkumeak jaio eta jaio ari dira. Azken bi egunetan, 90 inguru jaio dira. «Ardi gehienek bina egin dituzte, eta batzuek hiru ere bai», azaldu du Arangurenek. Ugalketa artifiziala erabiltzen dutenez, badakite arkumeak noiz jaioko diren. Hemendik hiru bat astera beste txanda bat tokatzen da, eta orduan beste 60 inguru jaioko zaizkiela kalkulatzen dute. Hortaz, haurrek ziurtatuta dute arkumeekin jolasteko aukera. Gazta egiten ere hasi dira: atzo egin zituzten lehenak. Bisitetara joandakoan, goiz ederra pasatzeaz gain, gazta dastatu eta erosteko aukera ere badute bisitariek. Eta hori dena, paraje eder batean.













