Zumarragako lantegia ixtea erabaki du Arcelor Mittal multinazionalak
Lantegiak 361 langile ditu eta gehienak Avilesko lantegira bidali nahi ditu multinazionalak. Langileek komunikabideen bitartez izan dute albistearen berri. Larunbatean, 12:00etan, manifestazioa egingo dute
Arcelor Mittal enpresak Zumarragako lantegiaren itxiera iragarri du. Enpresa honek 361 langile ditu eta langile gehienak Asturiasera bidali nahi dituzte. Gutxi batzuk bakarrik geldituko dira enpresak Euskal Herrian dituen gainontzeko lantegietan.
Arcelor Mittalen itxierak inguruko enpresa askori ere kalte egingo dio. Azpikontratetako langileak eta garraiolariak bakarrik, 200 bat dira. Sindikatuek manifestazioa deitu dute larunbat eguerdirako.
Enpresak elektrizitatea garestia dela eta Txinako enpresen konpetentziari ezin diela aurre egin dio. Urtarrilean Sestaoko lantegia ixtea erabaki zuen.
Enpresa-batzordeak bilera eduki zuen atzo, zuzendaritzak deituta. Bertan eman zieten hartutako erabakiaren berri. Bilera amaitu aurretik, albistea komunikabideetan zen. Langileak komunikabideen eskutik eta Whatsapp mezuen bidez jaso zuten albistea.
Zuzendaritza Mikel Serrano alkatearekin ere bildu zen, erabakiaren berri emateko. «Langileen zati handi bat Asturiasera bidaltzea Zumarragako herriarentzat eta familientzat oso txarra da» adierazi zuen gero.
Serranok Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin lan egiteko asmoa azaldu du. Atzo bertan Arantza Tapia sailburuarekin eta Ainhoa Aizpurua diputatuarekin hitz egin zuen. «Nire ustez, lehenbailehen Londresera joan beharra dugu enpresaren Europako arduradunekin hitz egitera. Eta jarraipen batzorde bat sortu beharra dugu. Bertan, Urretxuko Udala eta mankomunitatea ere egon behar dira».
«Hiltzen utzi»
Xabier Olaizola, ELA sindikatuko eskualdeko industria arduraduna, haserre ageri da. «Enpresa aspalditik ari zen esaten Zumarragan galera asko zituela. Guk beti galdetzen genuen ea nola zen posible Zumarragan galerak egotea eta Olaberrian irabaziak egotea. Enpresak ez du batere inbertitu Zumarragako lantegian. Hiltzen utzi du».
Arcelor Mittal enpresaren jarrerarekin oso kritiko ageri da. «Enpresa berregituratze bat egiten ari da eta berregituratze hau Euskal Herrian hasi du. Euskal Herriko industria suntsitzen ari dira».













