Lore, landare eta Euskal Herriko produktuen azoka Seguran
Igande goizean 44 postu jarriko dituzte herriko plazan. Ekitaldi osagarriak antolatu dituzte astean zehar. Gaur Jakoba Errekondoren hitzaldia dago
Udaberriarekin batera izaten da Seguran udaberriko lore eta landaren azoka. XVI. edizioa beteko du. Aurten, dena den, berrikuntza nagusi bat izango du: udaberriko lore eta landare azokarekin batera, beste urteetan Iparra-Hegoaren barruan antolatzen duten Euskal Herriko produktoreen azoka ere egingo dute, «elikadura burujabetza lantzeko bidean».
10:00etatik 15:00etara, plazako karpan eta inguruan, 44 postu jarriko dituzte: lore, landare, hazi, barazki landare salmenta eta erakusketa postuak, eskualdeko zortzi artisauren produktuak, eta Euskal Herriko hemeretzi ekoizleen salmenta eta erakusketa postu. Herriko trikitilari eta Kriseilu txistulari taldea ariko dira kaleak girotzen. Azokarekin batera, goizean zehar umeekin tailerrak egingo dituzte Juan Karlos Esainen eskutik. Helduentzat, berriz, 10:30etik 14:00etara, Josu Osaren eskutik, txerto desberdinak fruitarboletan ikastaroa antolatu dute.
Gaur, bi ekitaldi
Igandearen aurretik, dena den, beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte Seguran. Astearteko Ekonozinemaren ondoren, gaur, 14:30ean, Laiotz Herri Eskolako 6. mailakoekin ibilaldia egingo dute naturaren berri izateko, Maduran. Iluntzean, 19:00etan, Jakoba Errekondok hitzaldia egingo du, kultur etxean, Euskal Herrian erabilitako landareak, lehen eta orain hizpide hartuta. Larunbatean, berriz, 12:00etan, Azpilaren dantza saioa izango da, plazan.













