Langileen eta zuzendaritzaren arteko bilera, bertan behera
Langileak lantegira joan dira eta zuzendaritza Donostiara. Langileak ostiralean Donostian elkartzeko prest agertu dira, Aldundian egingo duten protestaren ondorenArcelor Mittaleko enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera bertan behera gel...
Langileak lantegira joan dira eta zuzendaritza Donostiara. Langileak ostiralean Donostian elkartzeko prest agertu dira, Aldundian egingo duten protestaren ondoren
Arcelor Mittaleko enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera bertan behera gelditu da. Langileek bilera lantegian bertan egin nahi zuten eta zuzendaritzak Lan Harremanen Kontseiluaren Donostiako egoitzan. Langileak lantegira joan dira eta zuzendaritza Donostiara. Gaurko bilera deitu dute berriro, baina seguru aski ez da bilerarik egongo: langileek enpresara joateko asmoa dute eta zuzendaritzakoek Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzara. Baliteke bilera ostiralean egitea, Donostian. Enpresa batzordeak, gaur bilerarik ez badago, ostiralean egiteko asmoa azaldu dio Giza Baliabideen sailari. Izan ere, ostiralean egun osoko geldialdia egingo dute eta Donostiara joango dira Aldundiaren aurrean kontzentrazioa egitera. Bilera 12:30ean egin nahi dute, kontzentrazio honen ondoren.Hamabost egun pasa dira dagoeneko enpresak Zumarragako lantegia ixteko eta langileak beste lantegi batzuetan birkolokatzeko asmoa azaldu zuenetik. Langileek ez dute berri zehatzagorik jaso eta hainbat mobilizazio egin dituzte: hilaren 19an manifestazio jendetsua egin zuten Urretxu eta Zumarragako kaleetan (3.000 lagunek parte hartu zuten) eta joan zen asteazkenean egun osoko geldialdia egin zuten. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren aurrean kontzentratu dira.
Protesta
Atzoko bilera negoziazio prozesuko lehenengoa izan behar zen. Zuzendaritzak bere asmoen berri zehatzagoa eman behar zien, teorian. Bilerarik ez zen egon, ordea. 13:00etan, asteartero egingo duten bezala, langileek bi orduko kontzentrazioa egin zuten enpresaren aurrean. Langileak haserre azaldu ziren eta enpresako zuzendaritzaren aurkako hainbat oihu egin zituzten. Bestalde, administrazioari inplikazioa eskatu zioten.
Leo Bote enpresa batzordeko presidentea kexu ageri zen. «Negoziazio mahaia nortzuk osatuko zuten azaltzen zuen dokumentuarekin batera, bilera deialdia luzatu ziguten. Gaur (atzo) elkartu nahi zuten, 11:00etan, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. Guk ez gaudela ados azaldu diegu idatziz. Izan ere, gure ustez, bilera Zumarragako lantegian egin behar da. Orain arteko negoziazio guztiak lantegian egin ditugu. Gure idatziak ez du erantzunik jaso. 11:00etan hona etorri gara eta zuzendaritzakoak Donostiara joan dira».
Langileak kezkatuta daude. «Jendea izorratuta dago eta komunikabide batzuek zabaldu dituzten albisteek ez dute lagundu. Alemaniara, Txekiara edota Ukrainiara bidali nahi gaituztela zabaldu dute, baina guri enpresak ez digu halakorik esan. Beste lantegi batzuetara bidali nahi gaituztela, gure lan baldintzak aldatu egingo direla eta negoziazio mahai bat osatu behar dela bakarrik esan digute».
Langileak ez daude horretarako prest. «Langileok lantegi honek zabalik jarraitzea nahi dugu eta horretarako borrokatzeko prest gaude. Langileon artean elkartasuna da nagusi».
Enpresa batzordearen izenean, eskerrak eman nahi dizkie bizilagunei. «Herritarren erantzuna izugarria izan da. Bai manifestazioan eta bai ondorengo mobilizazioetan, zumarragarren eta urretxuarren erantzuna txapela kentzekoa izan da. Hunkitu egin gaitu».
Mobilizazioei dagokienez, asteartero enpresa aurrean kontzentratuko dira. Bestalde, ostiralean egun osoko geldialdia egingo dute eta Donostiara joango dira: Aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dute 11:30etik 12:30era.













