Enpresa batzordea eta zuzendaritza astelehenean elkartuko dira, Donostian
Enpresa batzordeko kideak udal ordezkariekin joan ziren atzo bilerara, baina zuzendaritza Donostian zegoen. Bihar langileek Aldundiaren aurrean kontzentrazioa egingo duteArcelor Mittaleko zuzendaritza eta enpresa batzordea astelehen eguerdian elkartuko...
Enpresa batzordeko kideak udal ordezkariekin joan ziren atzo bilerara, baina zuzendaritza Donostian zegoen. Bihar langileek Aldundiaren aurrean kontzentrazioa egingo dute
Arcelor Mittaleko zuzendaritza eta enpresa batzordea astelehen eguerdian elkartuko dira azkenean, Donostian. Bertan, zuzendaritzak bere asmoen berri emango die langileei (birkolokazioak eta lan baldintzen aldaketa) eta negoziazio mahaia eratuta geldituko da.Bi aldeei asko kostatu zaie bilera lotzea. Zuzendaritzakoek bilerak Donostian egin nahi zituzten, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. Langileek, berriz, lantegian egin nahi zituzten. Asteartean batzuk Donostiara joan ziren eta besteak lantegira eta atzo ere hori gertatu zen.
Zuzendaritzakoak Lan Harremanen Kontseilura joan ziren eta enpresa batzordeko kideak Zumarragako lantegira. Langileak Jon Luqui Urretxuko alkatearekin eta Zumarragako zinegotzi batzuekin joan ziren.
Langileak eta udal ordezkariak enpresan sartu ziren, baina Giza Baliabideetako arduradunek zuzendaritzakoak Donostian zeudela esan zieten. Ondoren, segurtasunaz arduratzen den langileak lantegitik ateratzeko eskatu zien.
Nahiko argi zegoen atzo ere ez zela bilerarik egongo eta asteartean bertan enpresa batzordeak bilera ostiralean Donostian egiteko gonbita luzatu zion zuzendaritzari. Izan ere, langileek 24 orduko lanuztea egingo dute ostiralean eta Donostiara joango dira Aldundiaren aurrean protestatzera.
Kontzentrazioa 11:30ean izango da eta bilera 12:30ean egitea eskaini zieten. Zuzendaritzakoek ostiralean agenda arazoak dituztela erantzun zieten enpresa batzordekoei eta astelehenean elkartzea proposatu zieten. Batzordekoek astelehenean Donostiara joatea erabaki dute.
Segurtasun falta
Dena den, bilera lantegian bertan izan beharko litzatekeela uste dute. «Instalazioen segurtasun falta jartzen dute aitzakia bezala, baina orain arteko negoziazio guztiak lantegian egin ditugu eta enpresa ixteko asmoaren berri ere bertan eman ziguten», esan du LAB sindikatuko Josu Amenabarrek.
Hala ere, enpresa batzordekoak Donostiara joango dira. «Enpresa nahiko toki txarrean gelditu dela uste dut. Oraingoan ere, komunikabideen bidez izan dugu beraien proposamenaren berri. Guri astelehenean elkartzeko gonbitea luzatu aurretik, komunikabideetako erredakzioetan bazekiten proposamen hori egin behar zigutela».













