Urola Garaia Mankomunitateak hiru zerbitzu berri eskainiko ditu 2016an
Asteartean onartu zuten aurtengo aurrekontua, aho batez: 1,7 milioi euro. Lau herrietako udal ordezkariek oso modu positiboan baloratu dute aurrekontua
Urola Garaia Mankomunitateak batzarra egin zuen asteartean, 2016ko aurrekontu orokorra onartzeko. Urretxuko, Zumarragako, Legazpiko eta Ezkio-Itsasoko 35 udal ordezkari joan ziren batzarrera, eta aho batez onartu zuten aurrekontua: 1.795.391 euro —iaz baino %1,33 gutxiago—. Eusko Jaurlaritzaren ekarpena %8,6 igo da iaztik. Aldunditik jaso beharreko diru laguntza asko, berriz, oraindik kolokan daude, baieztatu gabe.
Koldobike Olabidek aurkeztu zuen aurrekontua, mankomunitateko lehendakariak. Mankomunitate mailako hiru zerbitzu berri martxan jartzeko asmoa agertu zuen. Lehena, mendeko pertsonen familiei laguntza eta formakuntza emateko zerbitzua. Iaz martxan jarri zuen UGLEk proba modura, eta emaitzak positiboak izan direla ikusita, 75 familia gehiagori zabalduko diote zerbitzua.
Bigarrena, haurrei zuzendutako kirol egokitua izango da. Gipuzkoako federazioaren bidez jarriko dute martxan zerbitzua. Kirola sustatzea eta inklusio soziala dira helburuak.
Hirugarrena, Horrek ez du balio zerbitzua da. Eskualdeko kirol klubei zuzenduta dago, eta kirolean jokabide egokiak sustatzea izango du helburu. UGLEk bideratuko du, eta formakuntza emango diete kirol klubei.
Alderdien balorazioak
Hiru zerbitzu berriak oso modu positiboan baloratu zituzten PSE-EEk, EH Bilduk eta Irabazik. 2016ko aurrekontua aurreko urteetako lanaren eta adostasunaren jarraipena dela nabarmendu zuten alderdi guztiek, eta bide beretik jarraitzeko asmoa agertu zuten, elkarlanean.
Unai Badiola Urretxuko zinegotziak (EH Bildu), Mikel Serrano Zumarragako alkateak (PSE-EE) eta Unai Orbegozo Zumarragako zinegotziak (Irabazi) hartu zuten hitza Olabideren aurkezpenaren ondoren.
Badiolak, aurrekontuarekiko adostasuna agertu arren, hainbat kezka agertu zituen. Esaterako, udal ekarpenen igoerak: iaz baino %6,24 euro gehiago jarri beharko dituzte udalek. Aldunditik jaso beharreko diru laguntzen inguruko kezka ere agertu zuen; izan ere, oraindik airean daude diru laguntza horiek. Bestalde, errefuxiatuen alde eta AHT Abiadura Handiko Trenaren aurka lan egiteko beharra dagoela adierazi zuen.
Beste puntu batzuk, ordea, oso modu positiboan baloratu zituen EH Bilduko ordezkariak. Adibidez, UGLEko fatxada berritzeko partida (54.000 euro). «UGLE estrategikoa da eskualdearentzat», adierazi zuen. Berdintasun alorrean emandako igoera eta turismoak azkenaldian izan duen gorakada ere aipatu zituen puntu positiboen artean.
Serranok 2008an eskualde mailan egin zen diagnosiari eman zion garrantzia, inflexio puntua izan zelakoan. «Zer landu beharra genuen ikusi genuen, eta alderdi politiko ezberdinak ados jarri ginen», adierazi zuen. «Ordutik, denok batera egin dugu aurrera, eta hori baloratu beharrekoa da; aurrerantzean ere eskutik helduta joan behar dugu».
Esaterako, turismoan emandako pausoak nabarmendu zituen Zumarragako alkateak, baita Bertatik Bertara egitasmoa ere. «Batuta, indartsuago bihurtu gara». Azkenik, suhiltzaile boluntarioek orain arte egindako lana aitortu nahi izan zuen. Izan ere, urtarrilaz geroztik ez dago suhiltzaile bolondresik Legazpiko parkean. «Bidezkoa iruditzen zait haien lana aitortzea».
Orbegozok ere aurrekontuaren aldeko hitzak izan zituen, eta etorkizunerako oinarri sendoa zela adierazi zuen. «Enpresa txiki eta ertainen alde egiten du, berdintasunaren alde, ingurugiroaren alde…». Aurrerako, ordea, aurrekontu parte hartzaileak egitearen alde agertu zen Irabaziko zinegotzia.













