Elkartasuna eskuz esku
Ehunka lagunek giza kate bat egin dute bi herrietako kaleetan. Arcelor Mittalen lantegia eta Zumarragako udaletxea lotu dituzte. Kontzentrazioa ere egon da, lantegiaren aurrean
Giza katea Labeaga kaletik Kalerrotara joan zen eta, Areizaga-Kalebarrenetik eta Soraluze kaletik pasata, Zumarragako plazan bukatu zen. Han, udal ordezkariek eta udal langileek 15 minutuko kontzentrazioa egin zuten.
Kamioilariek ere mobilizazioekin bat egin zuten. 20 bat kamioik bi herrietako kaleak zeharkatu zituzten. Beraiek ere Zumarragako Euskadi plazan bukatu zuten ibilbidea. Migel Lopez de Legazpiren estatua kamioiz inguratu zuten.
Zumarragako plazako kontzentrazioaren ondoren, Mikel Serrano alkateak adierazpenak egin zituen. Langileek udal ordezkarien eta udal langileen babesa dutela esan zuen. Bestalde, enpresari instituzioek eta langileek aurkeztutako bideragarritasun planarekin bat egiteko eskatu zion. «Gainontzeko guztiok bezala, inbertsioak egitearen eta lantegia zabalik mantentzearen aldeko jarrera har dezala».
Hurrengo mobilizazioak
Hurrengo mobilizazioak bihar izango dira: langile batzordea eta zuzendaritza berriro elkartzea aurreikusita dago eta, aurreko bilera guztietan bezala, langileek kontzentrazioa egingo dute lantegi aurrean.
Bestalde, larunbaterako manifestazioa deitu dute ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Bilbon egingo dute, 12:00etan, Gure industriaren defentsan, benetako industria politika baten alde lemapean.
- Kontsulta epea astebete luzatzea adostu dute
- Iritzi artikulua: Arcelor Mittalen egoera (Joseba Garmendia)













