Europa mailan «puntakoa» izango den laser teknologia garatzen ari da Ik4Lortek
Ordizian kokatuta dagoen ikerketa zentroa Combi Laser proiektuan ari da lanean, Orkli enpresarekin batera. Europa mailako erakundeen eta 12 bazkideren babesa du egitasmoak
Laser teknologia oinarri hartuta, Ikerketa eta Garapen arloan «puntakoa» izango den proiektua garatzen ari da Ik4Lortek ikerketa zentroa. Ordiziako egoitzan urte eta erdi daramatzate Europatik bultzatutako egitasmo honetan lanean, eta orain arte «aurrerapen eta emaitza onak» lortzen ari direla azaldu dute proiektuaren arduradunek.
Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua Ik4Lortek zentroaren instalazioak eta Combi Laser proiektua bertatik bertara ezagutzen izan zen atzo. Bere hitzetan, «oso pozgarria» da «Goierriko zentro teknologiko hau eta baita enpresak ere, Europa mailan erreferente» bihurtzen ari direla ikustea. Zentzu horretan, etorkizuneko erronka «ikerkuntza eta teknologia hori enpresetan bertan aplikatzea» dela azaldu zuen, «Europan eta mundu mailan konpetitzeko».
Hiru urteko proiektua
Ukipenik gabeko teknologia, abiadura handiko monitorizazioa eta teknika ez-suntsitzaileak konbinatzen dituen laser bidezko eraikuntza erreminta da Combi Laser. Europa mailako 12 bazkidek bultzatuta, hiru urterako garapen proiektua ari dira lantzen Ordiziako zentroan. Josean Etxarri zuzendariak azaldu duenez, urte eta erdi daramate proiektu horretan lanean eta «dagoeneko aurrerapen eta emaitza onak» lortzen ari dira; zentzu horretan, «pozik egoteko moduan» daudela azaldu du. Orklirekin egiten ari diren elkarlanak, «kalitate bermea» eskaintzen diela dio; hori baita, hain zuzen ere, egitasmo horren helburuetako bat: «bezeroei akatsik gabeko teknologia» eskaintzea. Azken helburua, berriz, garatutako teknologia hori «gure ehun industrialean txeratzea» izango dela azaldu du.













