Goitibeherak, haurren gozagarri
Maldan Behera inertzia taldearen eskutik, 'Sputnik' goitibeherak probatzeko aukera izan dute Legazpiko haurrek. Oinarri-oinarrizko goitibeherak dira, egurrezko egitura eta lau gurpilekin.Mota eta material guztietako goitibeherak ikus daitezke gaur egun...
Maldan Behera inertzia taldearen eskutik, ‘Sputnik’ goitibeherak probatzeko aukera izan dute Legazpiko haurrek. Oinarri-oinarrizko goitibeherak dira, egurrezko egitura eta lau gurpilekin.
Mota eta material guztietako goitibeherak ikus daitezke gaur egun, gero eta modernoagoak, gero eta landuagoak. Legazpin larunbatean egingo duten lasterketan ere izango da halakoak ikusteko aukera, Laubidetik behera. Inertziaz gozatzeko, ordea, ez da derrigorrean izugarrizko goitibehera bat behar. Galdetu, bestela, atzo Sputnik goitibeherak probatu zituzten haurrei. Gustura asko ibili ziren Aizkorri kalean gora eta behera, Legazpiko Maldan Behera Inertzia Taldeak antolatutako saioari esker.Goitibeheraren izena, agian, arrotza egingo zaie askori: Sputnik. Produktua, ordea, ezaguna. Oinarri-oinarrizko goitibeheretan oinarrituta eraiki zituen Sputnik-ak Zonagravedad enpresa bizkaitarrak. Egurrezko ohol batzuk eta lau gurpil, ez du besterik. «Gure gurasoek garai batean erabiltzen zituzten goitibehera haietan oinarrituta dago, baina materialak hobetuta eta diseinua modernizatuta», azaldu du Julen Agirreburualdek, Maldan Behera Inertzia Taldeko kideak.
Maldan Behera Inertzia Taldeak zortzi Sputnik ditu, uda aldera eskuratu zituztenak. Lau helduentzako dira, bi ertainak eta bi haurrentzat. Alokatu egiten dituzte, esaterako udaletxeei, jaietan erabiltzeko. Gipuzkoan ez dago Sputnik-ak alokatzen dituen beste elkarterik, lurraldeko inertzia talde bakarra Legazpikoa baita. Atzokoan, Santikutz jaiak aprobetxatuz, herriko haurren eskura jarri zituzten, probatu eta goza zitzaten.
Horrelako ekitaldien helburua inertzia kirolak bultzatzea da. Haurrei txikitatik ezagutzera ematea, eta afizioa sortzea. «Ez da gauza handirik behar ongi pasatzeko», esan du Agirreburualdek. Legazpiar gaztearen hitzetan, guraso askori ere ilusioa egiten dio Sputnik-ak ikusteak. «Haiek erabiltzen zituzten goitibeheren modukoak direla ikusten dute, eta seme-alabak animatzen dituzte probatzeko; modu horretan transmisioa ematen da».
Errepikatzeko gogoz
Atzo, eguraldia lagun izan zuten, eta haur ugari animatu ziren. Hogei gradutik gorako tenperatura izan zen, eta udako arropa jantzi eta gustura asko ibili ziren. Jaitsiera bat egin orduko, ilaran jartzen ziren gehienak, errepikatzeko gogoz.
Ander Aoizek, Ekaitz Lizarazuk eta Alain Santamariak makina bat jaitsiera egin zituzten. Goitibeherak probatzen zituzten lehenengo aldia zuten hiruek. «Asko gustatu zaigu; abiadurarekin ateratzen gara, eta oso azkar goazen sentsazioa ematen du», adierazi zuten, berriro ere goitibehera bat eskuratzeko ilaran zain zeuden bitartean.
Baten batek hesiaren aurka kolperen bat hartu bazuen ere, gehientxoenek segituan hartu zioten eskua tramankuluari. «Hasieran apur bat zaila da, baina ohitutakoan oso erraza», esan zuten hiru lagunek. «Ongi pasatzeko oso aukera ona da».
Nork daki: agian, egunen batean, goitibeherak lehen aldiz probatu dituzten haurretako bat Legazpiko jaietako goitibehera lasterketa ezagunean aterako da. Edo, zergatik ez, Europako txapelketara joango da, Agirreburualde bezala. Bitartean, harrobia sortzen eta haurrei zaletasuna helarazten lanean jarraituko du Maldan Behera Inertzia Taldeak.













