Maila altuko lasterketa izan da gaur goizean Beasainen jokatu dena antolatzaileek esan dutenez. Cañaveralek lasai egin du helmugara arteko bidea bigarrenari bost segundoko aldea aterata.
Gaur goizean jokatu da Beasainen, LXVI. Loinatz Txirrindulari proba, 23 urtez azpikoen mailan. Felcom taldeko Jonhatan Cañaveral izan da helmugara iristen lehena, Caja Ruraleko Iker Azkarate izan da bigarren eta Hostal Latorreko Jose L. Martinezek egin du hirugarren. Gainontzean, Fundacion Euskadirentzat izan da taldekako saria, Parking Geltokia taldeko Xuban Errazkinentzat Mendikoa eta Fundcion Euskadiko Yerai Dominguezentzat tarteko helmugetakoa.
Iñigo Aranguren Loinatz Txirrindulari elkarteko kideak esan duenez, “maila altuko lasterketa” izan da gaur goizean jokatu dena. Mandubira bitartean txirrindulariak “nahikoa bilduta” joan dira, baina mendatearen igoerak markatu du ondoren, lasterketaren bilakaera. Hortik aurrera txirrindulariak oso sakabanatuta egin dituzte ondorengo kilometroak, “banaka edo talde txikitan banatuta”. Cañaveralek lasai egin ditu helmugara arteko azken kilometroak, bigarrenari bost segundoko aldea aterara.
Guztira, 124 kilometroko ibilbidea osatu dute txirrindulariek; ia 200 bat izan dira parte hartzaileak. Eitzaga, Mandubia eta Olaberriako gainak igaro dituzte, azken hau bi aldiz. Ibilbideari dagokionean datorren urterako seguruenik aldaketak izango direla iragarri du Arangurenek. Izan ere, “Olaberriako mendatea bi aldiz igotzean, lasterketa hasierako eta amaierako txirrindulariak topo egin dute, kolapsatzeko arriskua sortuz”.
Guztiarekin gustura dira antolatzaileak, iragarritakoaren kontrara eguraldiak ere txukun erantzun baitu azkenean.