Sare Heritarrak taldeak dispertsioarekin amaitzeko hainbat ekitaldi deitu ditu asteburu honetarako hainbat herritan. Beasainen mosaikoa osatu dute parte hartzaileek.
Sare Herritarrak taldearen Hartu Trena dinamikaren barruan, euskal presoen sakabanaketarekin amaitzeko eskatzeko, mosaiko herritarra egin dute 12:30ean hasita Beasaingo Zubiaurre plazan.
Ekitaldian gogorarazi dutenez, «urte hasieratik martxan da Euskal Herri osoan Giza Eskubideen Trena», eta trenak hiru geltoki dituela esan dute: «Gaixo dauden presoen etxeratzea, sakabanaketaren amaiera eta salbuespen legeriarekin amaituko duena».
Asteburu honetan Euskal Herriko hainbat herritan eta auzotan egin dituzte mobilizazioak eta hauek «inflexio puntua» izatea nahi dute. Beasaingo ekitaldian mosaiko erraldoi bat osatu dute parte hartu dutenek, guztiek Stop Dispertsioa zioen papertxoa eskuan zutela. Goierriko preso guztien zerrenda agertzen da papertxoetan, baita astero eta urtean goierritarrek euren senideak ikustera joateko egin beharreko kilometroak ere, «16.985,4 astean eta 883.240,8 kilometro urtean». Amaitu aurretik, antolatzaileek «dispertsioaren datuekin banatu duten txarteltxoa elkarte, taberna edo lantokietan zabaltzeko» eskatu diete parte hartzaileei. Habanera doinuan bertso bat abestuz amaitu dute ekitaldia.