Ahozabalik utzi ditu denak
Iker Irribarria aramarrak buruz buruko txapelketako finala jokatuko du, Oinatz Bengoetxea mendean hartu eta gero. Finalean ariko den pilotaririk gazteena daHemeretzi urterekin, inork gutxik esperoko zukeena lortu du Iker Irribarria pilotari aramarrak. ...
Iker Irribarria aramarrak buruz buruko txapelketako finala jokatuko du, Oinatz Bengoetxea mendean hartu eta gero. Finalean ariko den pilotaririk gazteena da
Hemeretzi urterekin, inork gutxik esperoko zukeena lortu du Iker Irribarria pilotari aramarrak. Profesional mailan hasi eta urtebetera, buruz buruko pilota txapelketako finala jokatuko du. Hala, finala inoiz jokatu duen pilotaririk gazteena izango da; lorpena are handiagoa izan liteke, finala irabaziz gero.Txapela eta horrelako marken handitasuna alde batera utzita, burua hotz mantendu eta aldian aldiko partidan pentsatu nahian dabil, ordea, pilotari gaztea. Hala egin zuen larunbatean ere, bere jokoa eginez, eta pilotazaleak ahozabalik utzi dituen kolpe luze horri eutsiz, hamarrean utzi zuen Oinatz Bengoetxea, igandean Eibarko Astelena pilotalekuan jokatutako partidan. Indarrean dago aramarra, eta gaztea eta profesionaletan ibilbide motzekoa izan arren, txapela lortzeko hautagai sendoa izan daiteke, azken kanporaketetako jokoari eusten badio behintzat.
Finala, igandean
Buruz buruko txapelketaren finalera iristea lorpen handia izan da aramarrarentzat, baina beste aurkari sendo bat izango du bertan zain: Mikel Urrutikoetxea. Irribarriaren aldean esperientzia handiko jokalaria da, eta igandekoa laugarren finala izango du bizkaitarrak. Joko puntu onean dagoela erakutsi zuen larunbatean, eta sei puntuan errenditu zuen Jokin Altuna.
Finala igandean, maiatzaren 29an izango da Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Sarrera merkeenak 45 euroan jarriko dira salgai, eta garestienek, berriz, 140 balioko dute.













