Arkume garaia joan da, eta artzainak goiko larreetara abiatu dira. Loreetan aukera zabala dago, baina geranioa da gehien saltzen dena, betikoa edo huntz motakoa, eta kolore askotakoa.
Aurten piperretan lehena pipermina edota «Ibarrako langostinoa» esanez ezaguna dena izan da, 12 euroan kiloa, iazko prezio berean. Aramatik ekarri du Patxi Arizmendik eta plazan agertu aurretik enkarguz salduak zituen, estimazio handia duen produktua da eta. Negutegikoak dira, eta oraindik aire librekoak izan artean aste batzuk pasatuko dira. Izan ere, askok oraindik landatzeko edota landatu berriak baitituzte.
Atzo ere, mugimendu handia izan zen landare postuetan. Eguraldia nahi bezala portatzen ari ez bada ere, maiatza aurrera doa eta berandutu baino lehen egin beharreko lanak dira horiek.
Nafarroako produktuak
Duela hiru aste hasi ziren plazara etortzen Sartagudako Macua Saiz familiakoak, eta laster antz eman da Erriberako eta Goierriko baratzeen arteko aldea. Haiek ia salgai dituzte Gernikako piperrak, dozena 1,6 euroan, lekak 3,5 euroan kiloa, kuiatxoa eta luzokerra, 1,5 euroan kiloa, negutegikoak denak ere.
Aire libreko azken orburuak ere postu berean ikus zitezkeen atzo, eta zainzuriak ere bizpahiru astez bakarrik ekarriko omen dituzte. Garaia aurrera doa eta horren lekuko atzo bukatu zen
12 hilabete 12 produktu kanpaina. Izan ere, zainzuriak gereziari utziko dio tokia ekainean
Bestalde, ikusgarriak daude lore postuak, nahi den kolore, prezio, neurri eta motakoak daude aukeran. Salduena izaten jarraitzen dute geranioak eta hiedra edo huntzak, agian ezagunenak horiek ditugulako. Baina nahi izanez gero, hamaika motaren artean aukera daiteke: etxeko poza bikoitza, ginearra eta sinplea, petunia, surfinia, hortentsia, miliuma, diplademia… Lore zaleentzat erakargarriak dira, eta zer ikasia franko badugunaren erakusgarri ere bai.
Lore sortei dagokionez, usain ederra darion lehen azahar lorea esanez ezaguna dena, 3 euroan.
Arkume garaia bukatu da
Abiatu dira hainbat artzain artaldearekin Urbia eta Aralargo larre estimatuetara. Inguruko ardientzako udako bazkaleku ezagunenak horiek dira, baina ez bakarrak. Artzainari poliki-poliki eguneroko eginkizunak aldatuko zaizkio hemendik aurrera. Arkumerik ez duteedo oso bakan eta gazta asko eginak dituzte jadanik, nahiz eta mendian ere egiten segitzen duten askok eta horixe den, gainera, estimatuena.
Egunero eta gainean egoten segitu behar badute ere, mundu hori bizi duenarentzat arnasa hartzeko garaia hurbiltzen ari da. Udazkenera arte behintzat.