Hego Euskal Herriko eskubaloi txapelketa, Urretxu eta Zumarragan
Kadete eta gazte mailako Hego Euskal Herriko eskubaloi txapelketa Oñatin, Urretxun eta Zumarragan jokatuko da larunbat honetan. Urretxuko Aldiri kiroldegian gazte mailako emakumeek jokatuko dute eta Zumarragako Ispilla kiroldegian, berriz,
Kadete eta gazte mailako Hego Euskal Herriko eskubaloi txapelketa Oñatin, Urretxun eta Zumarragan jokatuko da larunbat honetan. Urretxuko Aldiri kiroldegian gazte mailako emakumeek jokatuko dute eta Zumarragako Ispilla kiroldegian, berriz, gazte mailako gizonezkoek. Kadete mailako partidak Oñatin izango dira.
Hegoaldeko lau herrialdeetako selekzioek parte hartuko dute. Urretxu eta Zumarragako partidei dagokienez, 10:15ean Gipuzkoak Arabaren aurka jokatuko du eta 12:00etan Bizkaiak Nafarroaren aurka. 16:15ean 3. posturako partida jokatuko dute eta 18:00etan finala.
Bestalde, maiatzean birziklatzearen eguna ospatu da eta igandean ingurumenarena izango da. Hori dela eta, partidetako atsedenaldietan koloretako zuloak dituzten olan batzuk jarriko dituzte ateetan eta haurrek dagokien zuloan sartu beharko dituzte golak.
Gainera, kanpotik datozenei eskuorri batzuk emango dizkiete, herriko planoarekin eta jatetxeen helbideekin.
Txapelketa honen 38. edizioa atzo eguerdian aurkeztu zuten Antioko interpretazio zentroan. Ekitaldian, Jose Angel Garcia Vara Gipuzkoako federazioko presidenteak, Borja Moiua Oñatiko Kirol zinegotziak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten.
Garcia Varak txapelketa hori urtero herrialde batean antolatzen dela eta aurten Gipuzkoari tokatzen zaiola gogoratu zuen. Eskerrak eman zizkien Urola eta Aloña Mendi taldeei, hiru udalei eta Aldundiari, emandako laguntzagatik. Bestalde, herritarrei partidetara joateko deia luzatu zien.
Moiuak oñatiarrentzat txapelketa hau antolatzea oso garrantzitsua dela eta ekaina osoan Juan Carlos Elortza zenaren omenezko ekitaldiak antolatu dituztela esan zuen. Elortzak Gara egunkarian eskubaloiari buruz idazten zuen. Aurten hil da. Urretxu eta Zumarragako alkateek, berriz, kanpotik etorriko direnei eta herriko zaletuei egun ona opa zieten.