Txosna Batzordearen jaien balorazioa
Lehenik eta behin, gure eskerrik beroena beste urtebetez karpa gunea aurrera ateratzen lagundu duzuen lazkaotar guztioi; festara inguratuz, ekintzetan parte hartuz zein guneak dituen lan ugaritan zuen alea eman duzuenoi.Oztopo eta traba guztiak gaindit...
Oztopo eta traba guztiak gainditu eta elkartasuna, aldarria, jaia eta giro ona egon dira aurtengo karpa gunean. Horren testigu zarete bertara gerturatu zareten guztiok.
Hori esanda, udaletik esan dituzten hainbat konturen argipena egin nahi dugu. Aurtengo Txosna Batzordea Lazkaoko Gazte Asanbladak eta euskal preso eta iheslari politikoen lagunek osatu dugu, eta udal gobernua horren jakitun zen lehen bileratik. Hori gustuko ez, eta lehen momentutik trabak bata bestearen atzetik izan genituen, «badakigu zer koloretako jendea ibiltzen den hemen» argudiatuz.
Ezertan hasi aurretik, karpa bera jartzeko baimena galarazi ziguten, eta garai berrietara moldatu ordez, bost urte atzera egin eta lehengo txosnetara itzultzea behartu nahi gintuzten.
Oztopo hori gaindituta, herriko edozein taldek edo elkartek jasotzen duten eta guk azken lau urteetan ekintza kulturalak aurrera eramateko jaso izan dugun diru laguntza ukatu digute. Gogor salatu nahi ditugu PNVk erabilitako gezurrak. Garbi utzi nahi dugu karpa bera, eta berak suposatzen dituen gastuak urtero Txosna Batzordearen etekinetatik ordaindu direla, eta diru laguntza jaso izan dugunean, karpa guneko kultur ekintzak ordaintzeko izan direla.
Karpa gunearen helburuak, besteak beste, auzolanean eta musutruk Lazkaoko Gazte Asanbladak urtean zehar burutzen dituen ekintza ezberdinak aurrera eramatea, eta, tamalez, oraindik euskal preso politikoek eta beraien senideek pairatzen duten dispertsioaren ondorio ekonomikoei gure aletxoa eskaintzea dira.
Hori garbi utzirik, ozen esan nahi dugu Txosna Batzordeak inoiz ez duela inongo alderdi politikorik finantzatu! Bestela, demostra dezatela…
Karpa gunearen garbiketa gastuei buruz PNVren udal taldeak esan duenaren harira, boluntario ugariren lanari esker gu gara gunearen garbitasunaz goizero-goizero arduratzen garenak. Edalontzi berrerabilgarriei esker, ingurunearen zainketaz eta zero zabor bidean lan egiteaz arduratzen gara.
Amaitzeko esan, beste behin karpa eredugarria izan dela, ordutegiak eta arauak betetzeaz gain, jai euskaldun, parekide eta parte hartzaileak ospatu ditugulako. Oztopoak oztopo, lanean jarraituko dugu herriko festak aberastearen alde. Festak herritik herriarentzat!












