Abuztuaren 1ean izango da Donostiako Unicon 18 txapelketen barruan. Munduko 600 monoziklistarik onenak elkartuko dira. Erauskin auzotik Bideluzera egingo dute

Beasaingo I. Downhill txapelketa. Argazkilaria: Garbiñe Irizar.
Beasaingo Orekan Bizi Naiz monoziklo taldeko Aritz Zeberiok eta Lidia Hernandezek egindako lanari esker, abuztuaren 1ean, munduko monoziklista onenak elkartuko dira Beasainen. Uztailaren 27tik abuztuaren 7ra bitartean Donostian egingo den Unicon munduko monoziklo txapelketaren barruan, mendiko proben atalean, jaitsiera edo downhill diziplinako proba da hain zuzen ere.
Hamabi egunetan, sei atal nagusitan banatuta, Donostian 56 diziplina desberdinetako txapelketak jokatuko dira, baina mendikoa egiteko Beasain aukeratu dute. Mundu mailako monoziklistarik onenak bertatik bertara ikusteko aukera izango da Zeberioren esanetan: « 35 herrialdetako 600 bat monoziklistak parte hartzea aurreikusten dugu. Munduko espezialistarik onenak etorriko dira».
Hiru proba edo maila
Erauskin auzotik behera, hiru mailako txapelketak egingo dituzte probak. Batetik, hasiberrien maila izango da. Bigarren mailan, Advanced deiturikoan, Erauskin auzotik jaitsiko dira, baina oztopoak aurkituko dituzte bidean. Garai bateko Erauskinerako herri bidea berreskuratuko dute horretarako. Emaitzarik onenak lortzen dituztenek, Extrem txapelketa jokatuko dutela jakinarazi du Zeberiok.
Arratsaldean jokatuko da Extrem proba, iaz Beasaingo I. Downhill txapelketararako Sagastigoiti parkean egokitutako lau ibilbideetan.
56 diziplinetako bat
Beasainen jokatuko dena, 56 diziplenetako bat besterik ez da. Izan ere, sei sail nagusitan banatuta dago lehia: taldeko kirolean, hockeya eta saskibaloia; hiriko diziplinan, skateren antzeko probak; triala; atletismoan, 100, 400 eta 800 metro eta 4×100 erreleboak; errepideko lasterketak: 10 km eta maratoia; eta mendian, aldapa gora (Uphill), aldapa behera (Downhill), cross country eta ziklo krosa.
Unicon monoziklo txapelketen 18. edizioa
Munduko Monoziklo Txapelketa da Unicon eta aurten 18. aldiz jokatuko da. Aritz Zeberioren esanetan, 1981-81 urtean, New Yorken bi eguneko topaketa izan zen lehenengo aldian, «urtez urte hazten joan da; gaur egun bi urtean behin antolatzen da eta 12 egunekoa izaten da», gaineratu du. Beijingen, Copenhagen, Tokion, Quebecen, Dolomitetan… antolatu izan dute orain arte, «oso leku dotoreetan egin ohi izan da». Aurten, Donostia izango da munduko txapelketen egoitza. 35 herrialdetako 2.500 monoziklista elkartzea aurreikusten dute eta tartean izango dira espezialistarik onenak. Espainiar estatutik 40 bat izango dira; gainerako guztiak Frantzia, Alemania, Corea, Japonia, Australia, Hego Amerika, Kanada eta Estatu Batuetatik etorriko dira.