Aire libreko produktuak ugaritzen doaz
Gerezi erosle ugari bildu zituen atzoko feriak, eta gutxitan bezalako ilarak ikusi ziren Milagrotik ekarritakoak erosten
Eguzkiari lainoak urratzea kosta baziotzaion ere, uda giroa zen atzoko azokan. Tenperatura atsegina, jende ugari eta produktu aukera handia. Begi bistan antzematea ia ezinezkoa bada ere, garaian garaikoaren ezagutzak eta saltzailearekiko konfidantzak ematen du bertakoa den edota negutegikoa nahiz aire librekoa denaren ziurtasuna.
Atzo agertu ziren aire libreko lehen patatak Zaldibiko Kontxi Arizagaren postuan, adibidez. Ibarrako Montesenean, berriz, lehen piperminak jarri ziren salgai, eta marrubi bikainak Aramako Arantxa Zurutuzarenean.
Gereziaren hilabetea
Ekainean, ’12 produktu 12 hilabete’ kanpainan gerezia da protagonista. Propio jarritako salmahaira, atzo deigarria izan zen zenbat jende hurbildu zen Legazpiko Vesga fruta saltzaileak zituen Milagroko gereziak erostera, ilarak zenbat momentutan.
Goierriko gerezia, bestalde, Gabiriako Oñatibi txikikoak jarri zuen salgai, kiloa 5 euroan. Kanpokoa baino txikiagoa da, eta hain gorria ez den arren, Miren Agirrezabalak esaten zigunez, «aire baten saltzen da; hemengoa estimatzen duen jendeak ikusi orduko eramaten du».
Baratzetik platerera
Lore postuetan erreparatzea nahi gabeko kontua da: hain daude eder eta deigarri! Orain arte aipatu ditugun ohiko loreez gain, hau da, geranioa, huntza, petunia, surfinia, krabelina… beste hainbat mota ere badira aukeran, hala nola, vinca edota portulaka edo kalibratxoa, lore txiki eta ugarikoak.
Sukaldean erabil daitezkeen belarrei dagokionez, Zaldibiako Azanzaren postuan albahaka, erromeroa edo menta fina aukeran ditu (1,5-3,5 euro artean bakoitza, motaren arabera), baita izpiluku edo labanda ere.
Landare postuetan udazken- neguari begira dira jadanik. Urteko porrua (3,5 euro ehuneko sorta), neguko aza eta azelga edo zerba (10 euro) eta azalora eta brokolia (12 euro) salgai dira dagoeneko. Hemendik aste pare batera bruselazak, erromaneskua eta beste zenbat mota ere izango dira.
- Aste honako azokako prezioak












