Gipuzkoara datozen turistei Goierri bisitatzeko gonbita luzatu diete
Donostialdetik trenez etorrita, D'elikatuz, Ordiziako azoka eta Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroa ezagutu dezakete.
Bihar, uztailarekin batera. emango diote hasiera Ordiziako eta Idiazabalgo udako denboraldi turistikoari. Horregatik, bi herrietako ordezkari politikoek, D’elikatuz eta Gaztaren interpretazio zentroko arduradunak eta Goiturreko zuzendariak eskualdeko eskaintza turistikoaren aurkezpena egin zuten atzo Ordizian eta Idiazabalen.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailetik azken urteotan sustatu den eskaintzetako batek Ordiziako azoka du jomuga. Egun erdiko pakete turistiko hori, aurreko D´elikatuz zentroko bisitak eta ondoren, Idiazabalen, Gaztaren interpretazio zentrora eta Aranburu gaztandegira egiten direnek osatzen dute.
Aurtengoan, gainera, bereziki promozionatuko da eskaintza hori bihar bertan Donostiako Boulevardean irekiko den Gipuzkoako Turismo Bulegoan. Pakete horiek batez ere turista atzerritarrek erosten dituzte. eta aurten gida lanetan Pau Insausti ordiziarra izango dute.
Garraio publikoa
D’elikatuz zentroak, Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroarekin elkarlanean, Donostiko eta Gipuzkoako turismo bulegoetan eta hotel nagusietan Goierri bisitatzera gonbidatuz banatuko den eskuorria aurkeztu du. Bertan, garraio publikoa erabiltzee gomendatzen dute. Izan ere, Donostiatik trenez goizeko lehen orduan abiatu, D´elikatuz eta Ordiziako azoka bisitatu daiteke lehenik eta ondoren, autobusa hartuta, Idiazabalgo gaztaren intepretazio zentroa eta Aranburu gaztandegia ikustera joateko aukera dago.Donostiara buelta arratsaldean izango da, autobusak Ordiziako tren geltokian utziko baititu berriz ere bisitariak.
«Goierri modan dago»
Goiturreko arduradunak, Niko Osinaldek adierazi zuenez, «Goierri modan dago». «Azken urteotako estadistikek diote atzerritik jende ugarik bisitatzen gaituela, eta aurten ere dagoeneko baditugu bisitariak» gehitu zuen. Hori dela eta, Goierrik stand bat izango du, Goierri Basque Highlands izenpean AEBko Washingtonen, Smithsonian egiten ari den turismo azokan, uztailaren 10era arte. «Kanpotik datorren turismoa erakartzen jarraituko dugu eta aukera polita iruditu zitzaigun honako azoka hau» erantsi zuen Osinaldek.













