Arcelor utzi nahi duten langileek 10 egun dituzte enpresari erabakiaren berri emateko
45 lan egun kobratuko dituzte enpresan lan egindako urte bakoitzagatik. 1959 baino lehenago jaiotako 21 langileei aurrejubilazioa eskainiko diete. Atzo bukatu zen kontsulta epea
Bukatu da kontsulta epea. Arcelor Mittal enpresa utzi eta indemnizazioa jaso nahi duten langileek 10 egun dituzte (hilaren 15era arte) enpresari bere erabakiaren berri emateko. 45 lan egun kobratuko dituzte enpresan lan egindako urte bakoitzagatik. Bestalde, langile batzordeak eta enpresak 21 lagun aurrejubilatzea adostu dute.
Kontsulta epeko azken bilera atzo izan zen. Luze jo zuen. Bost ordu eta erdi iraun zuen. Langile batzordekoak 11:00etan sartu ziren bilerara eta 16:30ean irten ziren. Nekatuta eta gose. Bazkaltzera joan aurretik, kanpoan kontzentratuta zeuden lanki-deei bilerak eman zuena azaldu zieten. Bihar asanblada egingo dute.
Atzoko bileran, zuzendaritzak 10 eguneko epea eman zien langileei Avilesera joan edo ez erabakitzeko. Enpresa uztea erabakitzen dutenek 10 eguneko epea dute jakinarazteko eta 45 lan egun kobratuko dituzte lan egindako urte bakoitzagatik. Avilesera joateko asmoa dutenentzat, berriz, ez zen nobedaderik egon. Printzipioz, enpresak hasiera batean jarritako baldintzetan joango dira.
Bestalde, langile batzordeak eta zuzendaritzak 1959 baino lehenago jaiotakoei aurrejubilazioa eskaintzea adostu zuten. Astelehenean berriro elkartuko dira, Eusko Jaurlaritzari aurkeztu beharreko akordioa eta kontsulta epearen amaiera sinatzeko. Aurrejubilazioen kasuan, akordioa beharrezkoa da instituzioei diru laguntza eskatu ahal izateko.
Behin kontsulta epea amaituta, langileek ez dakite enpresak gehiago negoziatu nahiko duen. «Epe horretatik kanpo negoziatzen jarraitu daiteke, baina ez dakigu enpresak borondaterik duen ala ez», esan du Aitzol Cajaraville langile batzordeko kideak.
Cajaravillek enpresa salatuko dutela aurreratu du. «Ezin ditugu Avileseko soldatak onartu. Gainera, legez ezin dituzte gure soldatak aldatu. Ikusteko dago salaketa jarri ondoren beste negoziazio bat egongo den ala ez».
Langileak, kezkatuta
Langileek ez zuten espero enpresak 10 egun bakarrik ematea azken erabakia hartzeko. «Langi-leok kezkatuta gaude. Egun gutxi ditugu enpresari erabakiaren berri emateko eta, gainera, enpresak atzera egiteko aukera emango zigula uste genuen. Madrildik etorri zirenek, hemen hilabete batzuk eman ondoren, indemnizazioa hartzeko aukera eduki zuten».
Cajaravillek langile askok enpresa uzteko asmoa dutela azaldu du. «Enpresak horretara bultzatu nahi gaitu, ez baitigu esaten Avilesera joaten direnak zein baldintzatan joango diren, ezta noiz joango diren ere. 267 arazo dituzte eta kopuru hori jaitsi nahi dute», amaitu du.












