Ainhoa Lendinez: «MariMurumendi gehien sufritu eta gozatu dudan lasterketa izan da»
Ainhoa Lendinez (Elgoibar, 1981) kazetaria da ogibidez, baina mendizalea da denbora librean. Datorren igandean bigarrenez arituko da Marimurumendi maratoian. Iaz bigarren sailkatu zen.
Iaz egin zen lehendabizikoz Marimurimendi maratoia, Ehunmilak probaren barruan. Bigarren egin zenuen. Zer iruditu zitzaizun proba?
Asko gustatu zitzaidan. Ehunmilak proba berezia da niretzat, urteak daramatzat ikusle bezala parte hartzen, baina nik egiteko luzeegia iruditu izan zait beti. Iaz maratoi pare bat eginak nituen Marimurumendiren aukera sortu zenean, eta proba egitea erabaki nuen.
Nolako proba egin zenuen? Ze sentsazio izan zenituen?
Ehunmiletan dauden hiru probetatik nagusienak Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak dira. Marimurumendi bi horien itzalean sortu zen eta ni presiorik gabe joan nintzen parte hartzera. Baina hasieratik nire burua lasterketaren buruan ikusi nuen, eta orduan hasi nintzen presioa sentitzen. Azkeneko kontrolean, 38. kilometroan, bigarren nindoan, eta lehenengo zihoanak bost segundoko aldea soilik ateratzen zidala esan zidaten. Helmugarako lau kilometro baino ez ziren gelditzen eta saiatzea erabaki nuen. 39. kilometroan lehenengoari aurre hartu nion eta lasterketaren buru jarri nintzen, baina 40. kilometroan hankako bikiak tira egin zidala nabaritu nuen. Pista utzi eta asfaltoa ukitu bezain pronto bi bikiak igo zitzaizkidan. Hankak harriak bezala jarri zitzaizkidan eta lurrera erori nintzen. Ordura arte hirugarren eta laugarren postuan zihoazenak pasa zidaten Beasainen bertan. Negargurea sentitu nuen. Lasterkari batek bikiak jaisten lagundu zidan eta azken kilometroetan bigarren zihoana pasatzea lortu nuen. Marimurumendi orain arte gehien sufritu eta gozatu dudan lasterketa izan da.
Zer iruditu zitzaizun ibilbidea?
Korrika egiteko ibilbidea da gehiago, ni aldapa gogorretan aritzen naiz hobeto, hor irabazten dut lortu dezakedan denbora apurra. Jaitsieretan okerrago aritzen naiz, horregatik, aukeran, ibilbideak aldapa gehiago balitu hobe.
Aurten ibilbide bera izango du. Nola ikusten duzu zure burua?
Beti beldurtuta joaten naiz edozein lasterketetara. Aurten gainera, Euskal Herriko txapelketa jokatuko da eta maila handia izango da. Hortaz, ni asteburuaz gozatzera joango naiz. Ez da aitzakia, baina aurten ziatikak jota ibili naiz hiru hilabetean eta apirilean hasi naiz serio entrenatzen. Maratoi bakarra egin dut orain arte, Madrilen, baina ez dauka Marimurumendikoaren antzik. Bost lasterketa bertikal ere egin ditut. Ondo aritu naiz horietan baina ez dakit nire burua zein puntutan egon daitekeen Marimurumendi bezalako maratoi baterako.
Mendiko lasterketa gehiagotan ere hartu duzu parte.
Zegama-Aizkorrin bi aldiz parte hartu dut. Oso lasterketa berezia da niretzat, munduko mendi lasterketa onena, esaten dutenez. Gorbeia-Suzien ere asko gustatu zitzaidan, iazko urrian egin nuen. Iaz lehenengo aldiz probatu nituen mendiko lasterketa bertikalak eta asko gustatu zaizkit, Anbotokoa, Zegama zuzenean, Aloñakoa… egin ditut.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Gurasoek beti egin izan dute kirola bizikleta, mendia… Haurra nintzenetik asko joan naiz Pirinioetara, eta Aizkorri oso leku kuttuna da familiarentzat. Oso modu naturalean bizi izan dut kirola beti. Bizikletan, triatloietan… aritu naiz. Mendi lasterketekin orain hiruzpalau urte hasi nintzen. Baina korrikalari baino gehiago mendizaletzat dut nire burua.
Ehunmilak Marimurumendi baino gehiago da hala ere zuretzat.
Kazetaria naizen aldetik mundu honi nire ekarpen txikia egiten saiatzen naiz beti. Aurten ere, ETBrentzako erreportaje bat prestatzen ari naiz, antolaketaren eta bertan laguntzen ibiltzen direnen ingurukoa. Gainera, larunbatean, iaz bezala, Etzegaraten izango naiz Ehunmiletako komunikazio arloan laguntzen. Bertatik pasatzen diren korrikalariei elkarrizketa txikiak egitea da helburua, Beasaingo helmugan jarrita egongo den pantailan zuzenean emateko. Iazkoa oso esperientzia polita izan zen, guztiak egon ziren nire galderei erantzuteko prest.
Mikroaren atzean ala korrika. Nola gozatzen duzu gehien?
Biekin, ezingo nuke bakarra aukeratu. Niretzat Marimurumendi ostiralean hasiko da. Hasierara joango naiz mutil-laguna jarraitzera. Etzegaraten egongo naiz larunbatean, eta igandean lasterka.