Ehunmilak: Bukatzea bera, lorpen izugarria
Ehunmilak ultra-traila da asteburuan jokatuko diren hiru proben artean nagusiena. 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibela du. Faboritoen artean ohiko izenak daude
Ostiral arratsaldea Beasaingo Loinazko San Martin plazan. 18:00ak jotzeko minutu eskas batzuk falta. Urduritasuna, luzatze ariketak, diosalak, besarkadak… Esatariek egin diete lasterkariei irteera marrara gerturatzeko deia. Iritsi da unea. Vangelis taldearen doinu epikoak megafoniatik, eta abiatu dira.
Tankera horretakoa izaten da Ehunmilak ultra-trailaren abiera momentua. Eta ez da gutxiagorako, ez baita berriketakoa korrikalariei aurretik datorkiena: 168 kilometro eta 11.000 metroko desnibel positiboa. Ohi bezala, 48 orduko epea izango dute aurten aterako diren 355 mendi-lasterkariek proba osatzeko. Lehen sailkatuek egun oso bat –24 bat ordu– pasatuko dituzte ahaleginean, eta haien buruari bukatzeko erronka jarri diotenek, batzu-batzuk gehixeago. Bukatzea bera baita lorpena.
Aurten ere Mont-Blanceko ultra-trailerako puntuagarria da izango da Ehunmilak, eta gisa horretako probetan trebatuta dauden Imanol Aleson azkoitiarra –hirutan garaile– eta Javi Dominguez gasteiztarra –bitan– dira txapela janzteko hautagai nagusiak mutiletan, baita Joan Marc Falco ere. Emakumezkoetan Silvia Trigueros –iazko G2H irabazia–, Agurtzane Argiarro eta Nuria Bermudez dira faboritoak.
355 mendi lasterkari
Ehunmilen 7. edizioan parte hartuko duen mendi lasterkari kopurua –iaz 272 izan ziren–. Horietatik 334 gizonezkoak dira, eta 21 emakumezkoak. · Euskal herritarrak. Euskal herritarrak dira Ehunmilak proban parte hartuko duten korrikalarien erdiak –163 gizonezko eta 9 emakumezko–. Gipuzkoakoak dira 83, Bizkaikoak 55, Arabakoak 24 eta 10 Nafarroakoak. · Estatu mailakoak. Espainiako estatutik, berriz, 149 korrikalari datoz lehiara –142 gizonezko eta 7 emakumezko–. · Herrialde Katalanetakoak dira gehienak: 52 –Alacant (12), Bartzelona (13), Balear Uharteak (6), Castello (1), Girona (4), Lleida (4), Tarragona (4) eta Valentzia (8). Kantabria (17) eta Madril (16) dira kopuruz nabarmentzeko beste herrialdeak. · Estatuz kanpokoak. Guztira 36 izango dira–29 gizonezko eta 5 emakumezko–. Portugal (13), Frantzia (6), AEB (3), Suedia (2), Polonia (2), eta Hungaria, Danimarka, Inglaterra, Mexiko, Txina, Suitza, Japonia eta Norbegiatik bana.
- Elkarrizketa (Imanol Aleson): «Ehunmilak lasterkarientzat egindako proba bat da»












