Goierriko Bi Handietan 500 korrikalarik parte hartuko dute aurten. Iokin Garai, Pedro Etxeberria, Aitziber Osinalde eta Elena Calvillo daude faboritoen artean
Beasaingo Arrastaka mendi taldea Ehunmilak ultra-traila eta Goierriko Bi Handiak proba antolatzen hasi zenean espero zutena betetzen ari da urteak pasa ahala. 500 korrikalaritan dago jarrita parte-hartzaileen muga G2Hn, eta iaz izan zen lehen aldia itxaron zerrenda ireki behar izan zutena. 493 izan ziren azkenean iaz parte hartu zutenak. Aurten, aspaldi bete zen muga hori, eta itxaron zerrendan zeuden lasterkari askori abisu eman behar izan diote antolatzaileek parte hartzeko aukera izango zutela esanez. Bostehun abiatuko dira aurten ostiralean (23:00) Beasaingo irteera marratik.
Aurten ez da berritasun handirik Aralar eta Aizkorri mendiak zeharkatzen dituen proban. Bat aipatzekotan, G2H aurten ez dela Euskal Herriko txapelketa izango. Hori bai, parte-hartzaileen %80 euskal herritarrak dira. Lehen sailkatuek gauez egingo dute probaren zatirik handiena –Aralar denek pasa beharko dute ilunpean–, eta lokazti handirik ere ez da espero. Beroa ez bada etsai bihurtzen, asko.
Faboritoak, iazko berak
Iazko irabazlea, Iokin Garai oñatiarra, da aurten ere G2H irabazteko hautagai nagusia –iaz probaren errekorra jarri zuen–, baita Pedro Etxeberria zumaiarra ere –2014an irabazle, iaz hirugarren–. Goierritarren artean, berriz, iazko Marimurumendi irabazle Iker Zurutuza.
Silvia Trigueros iazko irabazlea Ehunmiletan ariko da aurten, eta haren faltan, bi goierritar dira hautagai nagusiak: Aitziber Osinalde legazpiar eta Elena Calvillo ordiziar beasaindartua. Larunbat goizean jakingo da azken epaia.
500 mendi lasterkari
Goierriko 2 Handien 7. edizioan parte hartuko duen mendi lasterkari kopurua –iaz bezala, kopua bete da aurten ere–. Horietatik 463 gizonezkoak dira, eta 37 emakumezkoak.
· Euskal herritarrak. Euskal herritarrak dira Goierriko 2 Handiak proban parte hartuko duten korrikalarien bostetatik lau –374 gizonezko eta 29 emakumezko–. Gipuzkoakoak dira 222 –asko eta asko goierritarrak–, Bizkaikoak 99, Arabakoak 55 eta 27 Nafarroakoak.
· Estatu mailakoak. Espainiako estatutik, berriz, 84 korrikalari datoz lehiara –78 gizonezko eta 7 emakumezko–. Herrialde Katalanetakoak dira gehienak: 28 –Alacant (3), Bartzelona (10), Balear Uharteak (1), Castello (3), Lleida (1), Tarragona (4) eta Valentzia (6). Madrildik 18 korrikalari datoz, Kantabriatik 6, Burgostik 6 eta Errioxatik 5.
· Estatuz kanpokoak. Guztira 13 izango dira–11 gizonezko eta 2 emakumezko–. Portugal (2), Frantzia (7), Belgika (1), Inglaterra (1) eta Venezuela (2).