Ehunmilak proiektuko hirugarren senidea, Marimurumendi mendi maratoia, igandean jokatuko da .Bigarren ekitaldia du, eta bete dira dortsalak .Ibilbidean ez da aldaketarik
Korrikalari multzo bat iaz, Mandubiko gainera iristen, MariMurumendiren estreinakoan / Aimar Maiz
Ehunmilak eta Goierriko 2 Handiak ultra-trailekin batera, aurten ere Marimurumendi mendi maratoia jokatuko da. Igandean izango da, 09:00etan abiatuta. Maratoiaren distantzia ofiziala gainditu beharko dute atletek, 42 kilometro eta 195 metro.
Iazko estreinaldi duinaren ondoren, bigarren ekitaldian proiektuko senide gazteena eta txikiena sendotzera dator, aurten, Marimurumendi. Partaidetzari dagokionez, izen-emateko muga bete da: 250 korrikalari daude apuntatuta. Iaz 123 lagunek bukatu zuten mendi maratoia; 102 gizonezkok eta 21 emakumezkok.
Distantzia luzeko korrikalariei lasterketa-ugaritasuna ziurtatuko die, berriz ere, maratoiak. Zortzi orduko gehieneko denbora izango dute partaideek. Kontrol itxiera partzialak Atxurtzan (18. kilometroan) 3:20 orduan eta Arriaranen (32. km-an) 6 orduan ezarri ditu antolakuntzak, helmugako 8 orduez gain.
Ibilbidean aldaketarik ez
Beasaingo plazatik gorantz abiatuko dira lasterkariak, igandean 09:00etan —lehen unetik gora hasten den bakarra da—. Dortsalak larunbatean 18:30etik 20:00etara edo igandean 07:00etatik 08:00etara jaso ahalko dituzte atletek.
Beasaindik zuzenean Usurbera igo, eta Agortatik eta Murumenditik barrena, Pagorriagara joko dute. Mandubiara bildu, eta Kizkitza-Izazpi kordalean joan-etorria egingo dute. Bueltakoan, Kizkitzatik Arriaran auzora jaitsi, eta urtegi ondotik Agortara igoko dira. Lehenengo maldaren ondoren (555 metro), azken igoerak du bigarren desnibel positibo handiena, 462 metrokoa.
Denbora-kontrol elektronikoak eta hornidura (ura eta janaria) 9 tokitan egongo dira, ibilbidean zehar: Agorta (4,3 km), Pagorriaga (9,6), Kizkitza (15,5), Atxurtza (18,5), Atxurtzan bueltakoa (23), Kizkitza (27,5), Arriaran (32,3), Agorta (38) eta Beasaingo helmugan, iritsieran.
Marimurumendi ultra-korrikalarientzat proba luzeagoetarako jauzi-plataforma egokia ere bada. Iaz mendi maratoia irabazi zuen Iker Zurutuza Goierriko Bi Handietan lehiatuko da aurten, baita nesketan garaile izan zen Itziar Andueza beasaindarra eta hirugarren izan zen Amaia Intsausti olaberritarra ere.
250 mendi lasterkari
Marimurumendi mendi maratoiaren 2. ekitaldiak bikoiztu egingo du partaidetza. Iaz 133 irten ziren, eta 123k bukatu. Aurten 250 daude izena emanda: 219 gizonezko eta 31 emakumezko.
· Euskal herritarrak. Gehienak euskal herritarrak dira: 185. Horietatik 163 gizonezkoak, eta 22 emakumezkoak. Gipuzkoakoak 116, Bizkaikoak 34, Arabakoak 29 eta Nafarroakoak 6 dira.
· Estatu mailakoak. Estatutik 62 korrikalari izango ditu Marimurumendik: 53 gizonezko eta 9 emakumezko. Herrialde Katalanetakoak dira gehienak: 32 –Alacant (10), Bartzelona (8), Castello (2), Girona (5), Tarragona (2) eta Valentzia (5). Gaztela-Mantxa (9), Madril (8), Kanariak (4), Gaztela eta Leon (3), Galizia (2), eta Kantabria eta Aragoi (bana) dira beste herrialdeak. Denera, estatuko 53 gizonezko eta 9 emakumezko.
· Estatuz kanpokoak. Mendi maratoian estatutik kanpoko hiru atleta irtengo dira: txiletar, suitzar eta ingeles bana. Hirurak gizonezkoak dira.