Ordezkapena egiteko euskaraz ez dakien medikua jarri dutela salatu du Segurako Udalak
Uemaren prentsa oharraren arabera, Uemako udalerriak diren Seguran, Aulestin (Bizkaia), Errezilen (Gipuzkoa) eta Azpeitian (Gipuzkoa), ordezkapena egiteko euskaraz ez dakiten medikuak hartu ditu Osakidetzak. Lau herrietako udalek sinatutako prentsa oharrak dioenez, erabaki horrek, “herritarren hizkuntza eskubideak urratu eta osasun zerbitzuaren kalitatea nabarmen kaltetu” ditu.
Uemarentzat “kezkagarriak” dira Osakidetzak hartu dituen erabaki hauek. Batetik, “administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari muzin eginda, Aulestiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Segurako herritarron hizkuntza eskubideak urratu ditu Osakidetzak”.
Bestetik, “Osakidetzak ez ditu kontuan herritar euskaldunak, ezta gure herrietako errealitate soziolinguistikoa ere, inolaz ere”.
Horrekin batera, lau herri horiek “euskararen arnasguneak dira, eta bertan erdara nagusi den eremuak sortu ditu Osakidetzak, bertako errealitate soziolinguistikoan eragin kaltegarria eraginez”.
Era berean, “kalitatea da Osakidetzaren helburu nagusietako bat, eta kalitatea osasungintzan hizkuntzari lotuta” dagoela jakinarazi du Uemak. “Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi zuen moduan, osasun langileen eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa da. Kontraesankorra, beraz, hartutako erabakiekin”.
Egoera horren aurrean, “kezka eta ezinegona” adieraztearekin batera, “orain arteko erabakiak berrikusi, eta lanpostu hauetan lehenbailehen mediku euskaldunak jartzeko esaktu nahi diegu Osakidetzako arduradunei”.