San Fermin bezperan, San Joan sagarra
Eguraldia ez da portatzen ari zenbait barazki eta fruten beharretara eta 'sanjoan' sagarrak bereziki hori nozitzen ari dira.
Atzeratuak agertzen ari dira aurten hainbat barazki eta fruta, eguraldi kontuak direla medio, sagarrak tartean.
Sagarren denboraldiari hasiera ematen diona da San Joan sagarra. Atzo ikusi genuen aurten lehenbizikoz azokan, 1,5 eta 2 euro artean kiloa. «Arbola bete- betea dago, baina berandu loratu zen. Orain ez dira hazten, gorrina hartzen ari dira eta lurrera erortzen» esaten zigun Maria Jesus Oria Ezkioko Eztalagoitiko sagarrei buruz.
Aldiz, ederrak daude eskaintzen diren fruitu gorriak, Aramako aranak, indiar-mahatsak, andere mahatsa, mugurdiak, marrubiak eta Gabiriako gereziak, horien artean.
Piperren ugaritasuna ere oparoa izan da aste honetan: Gernika, italiarra, morroa, ezti luzea eta pipermina. Eta mota gehienak ia aire librekoak ere aukeran daude.
Txinatar aza berriz salgai
Aspaldi salgai ikusten ez genuen txinatar aza Arantxa Zurutuza Aramakoaren postuan ikusi dugu. «Denboraldia bukatzean landatu nuen bezero baten bidez lortutako landarea, eta ederki etorri dira» azaldu zuen. Gutxi ikusten den aza mota da, «oso fina eta gozoa da jateko eta garai batean izan genuen bolada, baina egia da aspalditxo landatu gabe geundela. Ea orain eroslerik baduen!». Bakoitza 2 euroan zen salgai.
Lekak, bestalde, ugaritzen ari dira, eta babak bukatu egin dira. Ilarrak, berriz, postu bakarrean ikusi ditugu. Mutiloako Juanita Murgiondok zituen, kiloa 9 euroan.
Kanpoko produktuei dagokionez ‘peruco’ edo San Joan madaria hasi da, kiloa 3,25 euroan.
Bukatu dira zizak
Mikologia atala atzo Basoa enpresak Goitia kale kantoian, udaletxearen ondoan jarritako eskaintzak osatu zuen gorringo (35 euro kiloa), onddo (24 euro) eta zizahoriekin (15 euro). Nabarmena zen Lasak utzitako hutsunea, eta oporrak direla eta hainbaten topaleku izan ohi den gunean ohiko girorik ez zen.
Festen marka ferian
San Fermin bezperarekin bat egin du uztaileko lehen feriak eta azkenak, berriz, herriko Santa Ana festak bete-betean harrapatuko dituenez, 28 ostegunez egingo da.
- Aste honetako azokako prezioak.













