Aztiriko Mendi Lasterketaren ibilbidea aldatu dute, parte hartzea igotzeko
Bihar hasi eta astelehenera arte Santa Marina jaiak ospatuko dituzte Aztiria auzoan. Mendi lasterketa aurrekoetan baino motzagoa izango da: 10,5 kilometro
Asteburuan Santa Marina jaiak ospatuko dituzte Legazpiko eta Gabiriako Aztiria auzoan. Bihar botako dute jaien hasierako suziria, 18:00etan, eta astelehenean bukatuko dituzte festak, hamaiketako eder batekin. Bitartean, hainbat eta hainbat ekintza izango dira, eta aurten berritasun bat ere bai: Aztiriko XII. Mendi Lasterketaren ibilbidea aldatu egin dute. Aurten, 10,5 kilometro izango ditu ibilbideak, aurreko urteetan baino kilometro bat gutxiago.
Ibilbidearen luzera soilik ez, nolakotasuna ere aldatu dute apur bat. Aintzane Aizpeolea jai batzordeko kideak azaldu duenez, aldapatsuagoa izango da ibilbidea. Aldaketa horiekin, jende gehiago erakartzea eta parte hartzea handitzea nahi dute.
Aztirian hasiko da lasterketa, igandean, 11:00etan. Aztiritik, Makatzara jaitsiko dira, handik Haizeleku Azpira igo, Lizardira jaitsi, Aztirira berriro, Otañora igo, Aizpurutik pasa eta berriro Aztirira jaitsiko dira.
Aizpeolearen hitzetan, antolakuntzak indarra eman nahi izan dio lasterketari. «Gaur egun jende asko ibiltzen da mendian korrika egiten, eta uste dugu aldaketa hauek eginda jende gehiago animatuko dela parte hartzera». Izen ematea egunean bertan egin beharko da, bost euro ordainduta.
Lau eguneko festa
Bihar hasi eta astelehen eguerdian bukatuko dira Aztiriko Santa Marina jaiak. Kanpai joaldiarekin eta suziriarekin ekingo diote festari arratsaldean, eta musm bola eta toka txapelketak izango dira ondoren. Gauean, auzo afaria eta erromeria izango dituzte, Elustondo anai-arrebekin. Larunbatean berriz, helduen eta gazteen arteko futbol partida eta patata tortilla txapelketa egingo dituzte. Gauean berriz, Gari eta Iñaki trikitilariek alaituko dute giroa.
Inazio Arsuagari omena
Igandean, ohi bezala, auzoko nagusiena omenduko dute meza ondoren. Aurtengo omendua Zabaleta baserriko Inazio Arsuaga izango da. Dantza egingo diote, eta opariren bat eman.
Aztiriko festak medio, bihar eta etzi Junetorri autobus zerbitzua izango da Legazpitik. Urtatzatik irtengo da, 17:30ean, 19:00etan eta 20.30ean.














