Estandan greba mugagabean daude 10 langileren kaleratzea salatzeko
ELA, CCOO eta LABeko enpresa batzordeko ordezkariek zuzendaritzarekin izandako bileran ez dute akordiorik lortu. Gaur goizean batzarra egingo dute berriz langileekBeasaingo Fundiciones Estanda enpresako langileak greba mugagabean daude atzotik. Estand...
ELA, CCOO eta LABeko enpresa batzordeko ordezkariek zuzendaritzarekin izandako bileran ez dute akordiorik lortu. Gaur goizean batzarra egingo dute berriz langileek
Beasaingo Fundiciones Estanda enpresako langileak greba mugagabean daude atzotik. Estandaren zuzendaritzak, bideragarritasun plan bat egiteko eskatu zion High Group enpresari , eta plan horren arabera, enpresaren produkzio helburuetara iristeko, langileen «soberakina» legoke.Ondorioz, uztailaren 11n, hamar langile kaleratuko zituela iragarri zuen zuzendaritzak. Uztailaren 14an, kaleratu bakoitzari banan-banan, telefono dei bidez, jakinaraziko zietela esan zuen. «Pentsa lau egun horietan nola egon garen. Oso gogorra izan da», dio kaleratu duten hamar langileetako batek. Bota dituzten hamar langileen artean (Olaberriko lantegitik bat), hamar istorio eta hamar familia daude: 2018ra arteko errelebo kontratua betetzen ari zena, 21 eta 30 urte lanean zeramatzatenak, minbiziarekin bajan egon ondoren lanera itzuli eta bota dutena, enkargatu bat…
Kaleratzeen aurrean, astelehenean, langileen batzarra egin eta greba orokor mugagabea egitea erabaki zuten. 213 langileek hartu zuten parte bozketan eta gehiengo zabalak (80 baiezko eta 27 ezezko) greba mugagabea hastea erabaki zuten.
Atzo, lehenengo greba egunean, goizean goizetik elkartu ziren langileak enpresaren atarian. 10:30ean, enpresako langile batzordea enpresako kudea- tzailearekin eta abokatuarekin elkartu zen. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek osatzen dute enpresa batzordea.
Bilera akordiorik gabe
Bilerako gai zerrenda luzeagoa baldin bazen ere, «langileak greba mugagabean daudela ikusita, egoerari zein irtenbide emateaz hitz egitea proposatu zuen zuzendaritzak. Ados geunden denok eta onartu egin genuen», dio LAB sindikatuko Usua Lasak.
Gai horrekin lotuta, enpresa batzordeak hiru eskari egin zizkion enpresari. Batetik, «hamar langileak berriz hartzea eskatu diogu, eta norbaitek berriz sartu nahiko ez balu, akordio ekonomiko batera iristea», dio ELAko Endika Gomezek. Horrekin batera, lana uzteko prest leudekeen boluntarioekin prozesu bat hastea ere eskatu zuten eta ekonomikoki akordiora iristea.
Hirugarren eskaera, «kaleratze gehiago ez dela izango bermatzea eskatu genien, eta egitekotan, beraiek bakarrik egin beharrean, langile batzordearekin hitz egiteko lehenengo, akordiora iristeko», gaineratu du Gomezek. LABeko Lasak zehaztu duenez, «enpleguaren bermea eskatu diegu, lanean gelditu diren gainerako langileei enplegu garantia eskaintzeko. Ez dakigu oraingo egoerari irtenbidea bilatuko diogun ala ez, baina etorkizunean ez dadila berriz horrelako egoera bat gertatu. Langileen artean krispazioa sortzen da eta». Enpresa batzordearen hiru proposamenei ezezkoa eman zien zuzendaritzak. «Boluntario prozesu bat irekitzeko prest dagoela esan digu, eta gero baloratuko duela kaleraturen bat ordezka dezakeen ala ez», dio Lasak.
Kaleratze gehiago egiteko asmorik duen galdetu diote sindikatuek enpresari: «Kaleratze hauek ea baduten bigarren faseren bat galdetu diegu. Esan digute, printzipioz zeharkako eskulanean ezetz, eta tailerreko langileen gain, plantilla murrizketa bat aurreikusten dutela. Printzipioz naturalki emango litzateke jubilazioekin eta aurre jubilazioekin. Baina jakinarazi digute ez dutela baztertzen egoeraren batean kaleratzeak ematea».
Gaur greban jarraituko dute Estandako langileek eta goizean bilera egingo dute berriz. Bertan erabakiko dute zuzendaritzarekin berriz bildu ala ez. «Gure eskaerak berdinak izango dira», dio ELAko Gomezek.
Diana Capitalen esku
Fundizioaren jabea, Enrique Lartuondo hil ondoren, 2015etik Diana Capital inbertsio funtsaren esku dago Estanda.












