Lazkaoko Udalak herriaren eta udalaren beraren irudi korporatibo edo bateratu bana sortu ditu. Bit&Mina etxeko Arkaitz Barriolak diseinatu ditu logotipoak eta leloa. Erakunde gisa, grafikoki identifikatzeko balioko dio aurrerantzean udalari. Herria...

Felix Urkola Lazkaoko alkatea eta Arkaitz Barriola diseinatzailea, irudi korporatibo berria aurkezten.
Lazkaoko Udalak herriaren eta udalaren beraren irudi korporatibo edo bateratu bana sortu ditu. Bit&Mina etxeko Arkaitz Barriolak diseinatu ditu logotipoak eta leloa. Erakunde gisa, grafikoki identifikatzeko balioko dio aurrerantzean udalari. Herriari ere eman dio ikur bateratua,
Lazkao, hegoak harro esapidearekin lagunduta.
«Herri marka» izateko helburuarekin bultzatu eta gauzatu du udalak irudia, hilabete «askoko» lanaren ondotik. «Lanketa handia, ekarpen eta irudi asko daude honen atzean», azaldu zuen, herenegun, Felix Urkola alkateak, irudiak aurkezterakoan.
Bi logotipo dira. Bat, udalarena. «Instituzionala, serioagoa da, armarriarekin zerikusia eta forma mantendu zaiona», dio Barriolak. Armarriaren interpretazio koloretsua egiteaz gain, hiru osagairekin beste ikur bat ere sortu du: udaletxea, ura eta hostoa ditu zati bakoitzean.
Bigarren logotipoa Lazkaoko herriarena da.
Lazkao, hegoak harro leloaren gainen antzara bat hegan du. «Mugimenduaren garra islatzen du, herri bizia delako Lazkao. Herriaren nahiak eta erronkak adierazi dira: barruan bizia, eta kanpora hegan egiten duen herri bat delako». Hegoen «arintasunak» adierazten du mugimendua.
«Herri bat, instituzioen ziurtasunak eta herriaren erronkak batuta egiten da», laburbildu du Barriolak, bi ildoak batuz.
Estilo liburua ere finkatuta
Irudi korporatiboaz gain, gerora sor daitezkeen aldaeren oinarria ere jarri du udalak; ikurrek «garapena» izan dezakela ziurtatu dute. Estilo liburua idatzi dute, logotipoei eta ikurrei dagokiena.
«Udalaren aurreko irudiaz ez zegoen estilo libururik. Urtetan, irudia desitxuratu egin da, ez zegoen finkorik. Arautu beharra dago arlo hori ere, estilo liburu batekin», gehitu du Barriolak.
Harrotasunaren aipuak herrian elkarteek eta eragileek duten garrantziari egiten dio oles. «Lazkaotarra izateagatik harro sentitzen delako».